Jai Batzorde Herritarrak hainbat aldaketa sustatu ditu Leioako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 18a, 21:04

Larunbat honetan, ekainak 21, egun berezia izango da Leioako San Juan jaietan. Izan ere, Antzineko Eguna izango da, aurten sortu den Jai Batzorde Herritarrak antolatu duen egitarauari jarraikiz. Jai Batzordeak jakinarazi duenez, "jaiak antolatzeko eta parte hartzea sustatzeko" bildu zen taldea, helburua jai osoak prestatzea zela, baina lehenengorako erronka zailegia zela, "aurtengoan jaiei aldaketa bat emateko" antolatu dute lehengo jaietako giroa berreskuratzeko eguna: "Leioako jaietako ohitura zaharrak bildu ditugu eta egun osoko egitaraua antolatu dugu. Era honetan, gaueko jaiaz gainera, eguneko jaia ere bultzatu nahi dugu", zehaztu dute Gure Ohiturak, Maritxu Teilagorri, Berbalamiñe eta beste taldeetako kideak ere badiren jai batzordeko partaideek. Gainera, argi daukate leioaztarrak jaietan ikusle beharrean partaideak izan behar direla. Bestalde, Mari Pepa eta Arlote jaietako pertsonai erreferenteak sortu dituzte, aurten Orpheo Abesbatzako kideak diren Olatz Pampliega eta Urtzi Goiti (argazkian, lehenengo planoan) aukeratu dituztela leioaztarrek.

Antzineko Egunaren egitaraua:

- 11:00etan, kalejira: Estartetxe, Boulevard, Libano, Sabino Arana eta Ikea Barri.
- 12:00etan, Txakolin eta gazta dastaketa Txosnagunean.
- 12:00etan, haurrentzako jolasak eta bitsa Euskal Etxeen Plazan.
- 15:00etan, herri bazkaria Barandiaran Behekoa institutuan.
- 17:00etan, haurrentzako jolasak Euskal Etxeen Plazan.
- 17:00etan, parte hartzeko jolasak Barandiaran Behekoa institutuan.
- 19:00etan erromeria Kepa eta Imanolekin Ikea Barri Plazan.

Leioako Jai Batzorde Herritarren oharra:

Aurtengoan, Jai Batzorde Herritarra osatu dugu jaiak antolatzeko eta parte hartzea sustatzeko. Gure helburua jaietako egitarau guztia antolatzea izan da, baina aurtengoan jaiei aldaketa bat emateko “Antzinako Eguna” antolatu dugu.

“Antzinako Eguna”ren helburu nagusia, lehengo jaiak berreskuratzea da, alegia, Leioako jaietako ohitura zaharrak bildu ditugu eta egun osoko egitaraua antolatu dugu. Era honetan, gaueko jaiaz gainera, eguneko jaia ere bultzatu nahi dugu. “Antzinako Eguna” generazio ezberdinei zuzenduta dagoen eguna izatea nahi dugu, Leioako herritarren parte hartzea sustatuko duena. Egun bat non, Leioztarrak jaietan ikusleak izateaz gain antolatzaileak eta parte hartzaileak izan daitezen nahi dugu.

Herriko antzinako ohiturei erreparatuz, baserri bat eraiki dugu, lehen baserria baitzen jaiei hasiera ematen zien karroza, eta “Antzinako Egunaren” sinboloa izango da. Karroza hau izango da kalejirari eta eguna berari hasiera emango diona.

Bestalde, jaietan parte hartzea sustatzeko, aurtengoan elementu berritzailea erantsi dugu, Mari Pepa eta Arlote. Mari Pepa eta Arlote, Leioako antzinako herriko ipuineko pertsonai famatuak izanik, eurei bizitza ematea nahi izan dugu. Horretarako, proposamena herriko kultura, kirol eta bestelako taldeen artean zabaldu genuen. Talde bakoitzak 2 hautagai aurkeztu behar izan ditu Mari Pepa eta Arlote izateko. Hautaketarako bozak Kultur Leioako webgunearen bitartez eman dira. Aurtengo irabazleak Orpheo Abesbatzako kideak diren Olatz Pampliega eta Urtzi Goiti dira, jaien hasieratik amaierara Mari Pepa eta Arlote bilakatuta. Eurak izango dira aurten jaietako pregoia emango dutenak. Mari Pepa eta Arlote jaietako ekitaldi ezberdinetan ere parte hartuko dute, hala nola, Larrain dantzan, “Antzineko Egunean”, Akelarrean…

Aurtengoan espero dugu jaietako parte hartzea handia izatea eta bereziki “Antzineko Egunean”.

Leioztar guztiak animatu nahi ditugu jaietan parte har dezaten.

Gora Jai Herrikoiak!

Leioako Jai Batzorde Herritarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun