Jai Batzorde Herritarrak ekarritako aldaketak goraipatu ditu Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 18a, 21:42

Bihar hasiko dira Leioako San Juan jaietako ekintzak eta ospakizunak. Egun hauetan zehar, urtero gertatzen den moduan, udalerriko txoko guztiak giro onaz eta alaitasunaz beteko dira. Aurtengoko jaiak hainbat aldaketekin etorriko dira, eta honetaz gain kalitate handiko ikuskizunetaz gozatzeko aukera izango da, adin guztietako publikoarentzat zuzendutakoak. Udal iturriek nabarmendu dutenez, onerako diren aldaketak bere oinarrian izan dute Jai Batzordearen eraketa: "honen bidez ekintza partehartzaileak bultzatu nahi izan dira eta herriko ohitura zaharrenetarikoak berreskuratzea ere bai, adin guztietako jendea bilduz eta eguneko jaia sustatuz" aipatu dute Kulturatik. Era berean, pregoiaren protagonistak Mari Pepa eta Arlote literatur pertsonaiak izango direla iragarri dute. Horiek gainera jaietako ekitaldi guztietan izango dira.

Bestalde, larunbatean ospatuko den Antzineko Egunaren inguruan Jai Batzorde Herritarrak egindako lana ere txalotu du Udalak: "Jai Batzordeak erabaki duenez aurten egun hau antzineko ohitura zaharrei jarraituz egingo da. Horretarako karroza bat sortu dute, baserri itxurakoa, eta herriko umeekin batera jaitsiera egingo dute goizeko jai bultzatuz. Giroa emateko leioaztar gaztetxoak baserritar jantzita egongo dira eta bakoitzak zarata egiteko tresna bat eramango du. Honetaz gain, txikiekin batera dultzaineroak, txistulariak eta fanfarrea izango dira egunari jai giroa emanez".

Kontzertuak

Kiss eta Judas Priest Bilbora eramango dituen Kobetasonik heavy jaialdia musikazaleak erakartzeko arerio dela, aurten Leioako Udalak jaiak hasi baino aurreko asteburuko kontzertuak kendu egin ditu, txosna batzordetik, tabernetatik eta hainbat elkartetik azken urtean eskatu duten bezala. Horrela, inbertsio hori jaietan egingo du. Gainera, Maritxu Teilagorriri dirulaguntza nabarmen murriztu dionez gastu handiko kontzertuak egiteko batere arazorik ez du izan Udalak. Nabarmenenak Skizoo, Berri Txarrak, eta La pulqueria izango dira. Hortaz, aurten estilo nahasiak izango dira Leioan, gustu guztietarako pentsatutakoak: pop, rock, metal, funky, hip-hop, erromeriak, dantzan egitekoak...
Hori horrela, bihar, hilak 19, Skizoo izango da, ostiralean, Berri Txarrak talde euskaldunaren kontzertu batez gozatzeko aukera izango da, eta 22an Valentziako La Pulqueria taldearekin hard-mariachia dantza egiteko aukera izango da.

Antzerkia:

Kultur Leioako Auditoriumean, berriz, hilaren 20an, Cia. Yllana konpainiak "Brokers" antzezlanaren estreinaldi nagusia egingo du. Protagonistak arrakastaren egarri duten lau negozio gizon dira. Honela, hizkuntz basatia erabiliz, finantzen mundu zorrotza deskribatuko dute.

Igandean, Elizateko ohiko aurreskua dantzatuko dute Leioako alkateari eta Erandikoari ongietorria emateko. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Udalak antolatuta.

Hilaren 23ko gauean Udaletxeko plazako sua saiatuko da, urtero legez, konpetentzia egiten txosnagunekoari eta urteotan gertatu bezala, erronka zaila izango du. Aurten, txosnagunean Akelarreak 10 urte beteko dituela, Udaletxean ere zer edo zer berezia pentsatu du Udalak, eta tortxen igoeraren ostean, Zero Teatro konpainiak “San Juan gaua” izeneko lana aurkeztu dute, non suak eta gauak euren indarra eta energia erakutsiko ei dituzten.

Koadrilak

Baina, beti bezala, Udalak aitortu duenez, leioaztarrak izango dira jaietako benetako protagonista nagusiak, hau da, nagusien 24 koadrila eta umeen 9ak, joan den otsailetik lanean dabiltzatenak. Guztiek lehiaketa desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute eta lehia osasuntsuan sartuko dira. Erromeriak eta dantzak izango dituzte eguneko ekintzez gain, Antzineko Egunekoak nagusienak izanik. Hilaren 21ean, herriko leioaztar guztiek euren baserritar jantzi dotoreak jarriko dituzte herriaren nortasuna gogora ekarriz eta kalejira zein herri joko desberdinetan parte hartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun