Udalbideri laguntza emateagatik "jarrera diktatoriala" erabiltzea leporatu dio Landari PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 25a, 21:37

Udalbiltza Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarra sostengatzeko sortu zen Udalbide elkarteari 30.000 euroko laguntza onartu ondoren, Imanol Landa Getxoko alkatearen aurkako kritika gogorrak egin ditu Marisa Arrue udalerri horretako PPko eledunak. Popularrek berriki gogoratu dutenez, 2007ko abenduaren 28an egindako Udalbatzak "Udalbide Elakarlan Elakartea" (sic) erakundearekin sinatutako hitzarmena bertan behera uztea eskatu zuen gehiengo osoz. Horregatik, Udalbatzaren erabakia errespetatu ez duelakoan, Imanol Landa alkate jelkideari "jarrera diktatoriala" izatea, "Getxoko hiritarrei bizkarra ematea" eta "Udalbatzaren gehiengoak onartutako akordioez trufatzeagatik harrokeriaz jokatzea" leporatu dizkio Arruek. Argazkian, bozeramaile popularra Bilboko Justizia Jauregian Luis Almansa PSE-EEko eledunarekin pasa den maiatzaren 27an, Landaren aurka abiatutako prozesu bati buruzko agerraldian.

"Pasa den abenduaren 28an, gure babesari esker onartu zen mozioa aurkeztu zuen Talde Sozialistak. Bertan, Udalbiderekiko hitzarmenari buruzko erabakia bertan behera utzi zen. Baina, berriro ere, alkateak Udalbatzaren akordioa bete ez eta hitzarmena berrestea erabaki du, beti aipagai duen bostekoa luzatzeaz eta jite demokratikoaz buruharro ibiliz. Gogora ekarri behar dugu hau ez dela Landa jauna Udalbatzaren erabakiez trufatzen den lehenengo aldia eta, horregatik, Udala Antolatzeko Araudia aldatu eta gehiengoz sozialista eta popularrok udal zerga eta tasen ordenantzan onartu genuen beherapena bete dezan epaitegietara joan gara", azaldu du Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak.

"Kasu honetan, Getxoko Udalak Udalbide erakundeari 30.000 euroko dirulaguntza emakidatuko dion hitzarmen baten aurrean gaude", jarraitu du Arruek, eta horien antzekoak diren dirulaguntza batzuk EAEko Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi dituztela gogoratu du, "udal ekinbideekin loturarik ez duten kontu alderdikoitzat jo dutelako".

Azkenik, Udalbatzaren "akordio bat bera ere ez" duela aurrera eraman leporatu dio Landari PPk: "Imanol Landa izan da eta bada oraindik Zarraoa jaunaren eskuineko eskua. Eta aurpegi jatorragoa izan arren, bere aitabitxiak bezala jokatzen du hark", laburbildu du Arruek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun