Leioaztarren ongi etorria jaso du Urtzi Muruetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 25a, 22:33

Leioa, Erandio eta Uribe Kosta osoko 300 lagun baino gehiagok parte hartu zuen pasa den igandean Urtzi Murueta preso ohi leioaztarrari Plaza Gorrian egindako ongi etorrian. Ohiko txapela eta lore sortaz gain, hainbat opari egin zizkioten Muruetari Leioako eragile soziopolitikoek eta auzokideek. Ekitaldian, txalapartariak, bertsolariak, olerkariak, musikariak, Urtziren lagunak, auzokideak, preso ohiak, Andoni Hernandez eta Pili Artze iheslarien urkoak zein Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak izan ziren oholtzaren gainean. Murueta zoriontzeaz gain, Hernandez eta Artze Leioako errefuxiatuak, Mikel Ibañez elgoibarra eta beste preso gaixo kroniko eta sendaezinak, tartean Anjel Figueroa algortarra, izan zituzten gogoan. Era berean, garai honetan amnistiaren alde lan egiten duten erakundeak inoiz baino beharrezkoagoak direla azpimarratu zuten eta presoen eskubideen alde lan egiteko konpromisoa eskatu zieten bertaratutakoei. Ekitaldiaren ostean 150 bat pertsonek herri bazkari batekin ospatu zuten Muruetaren askatasuna. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Murueta sei urte egon zen Frantzia eta Espainiako kartzeletan, hasieran jarritako zigorra betetzen eta 2007ko irailean, zeukan zigorra amaitu zuenean, Jose Maria Lidon epailearen hilketagatik epai zezaten espetxean mantendu zuten, gero Espainiara estraditatzeko eta pasa den otsailean epaitzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalean, 30 urteko zigorra eskatzen ziotela, bere aurka aurkeztutako froga bakarra Orkatz Gallastegik Ertzain-Etxean egindako deklarazioa da, behin eta berriz Gallastegik, defentsak eta Askatasunak Orkatz torturatu ostean jasotakoa dela nabarmendu dutena. Gallastegi ez bezala Murueta errugabe jo zuten epaileek eta ekainaren 4an askatu zuten. Hurrengo egunean 250 lagunek egin zioten harrera eta handik egun batzuetara Blanca Rodriguez fiskalak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko dueneko albistea jaso zuten Muruetak eta bere familiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun