Ostegun honetan, ekainak 26, hasiko dira Sopelako San Pedro jaiak, eta suziriek eta pregoiak abiatuko dute era guztietako ekitaldi eta jarduerak dituen egitaraua, igandean amaitu arte, udal iturriek prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez. Festen lehen egunean, ofizialki hasi aurretik, gimnasia erritmiko eta tai ji erakustaldiak egingo dira pilotalekuan. Gazteguneko jarduerak ere hasiko dira, quad, ping-pong, futbolina eta igelaren jokoarekin, besteak beste, eta 19:00etan kalejirak zeharkatuko ditu herriko kale nagusiak, "intsektu erraldoien laguntzaz", udaletxeko plazatik abiatuta. Gauean, Seiren taldearen kontzertua izango da udaletxe aurrean, eta ondoren berbena Luhartzekin. Gainera, Patada en la Papada eta Identidad Oculta herriko taldeak Etsaiak lekeitiarrekin batera arituko dira txosnen gunean. Hain zuzen ere, aipatu gunean joko dute Rise to Fall-ek eta Gosek, bihar; eta Betagarrik eta Acido C-k, etzi. Argazkian, Sopelako txosna bat iazko jaietan.
Gainontzeko hiru festa egunetan, txu-txu tren batek herriko kaleak zeharkatuko ditu, goizean goiz hasita. Gainera, goizetan haurrentzako hainbat jolas egingo dira Iturrieta parkean, bertan jarriko baitira txikientzako parkea, musika egiturak eta eskalada murrua. Gaztegunean Wii, Play Station eta paint ball jolasak egongo dira ostiralean, eta graffiti, batukada, kapoeira, break dance eta hip hop tailerrak larunbatean. Hurrengo egunean, eskalada, arku-tiroa edota tirolina izango dira, eta perkusio, akrobazia eta hip hop tailerrak ere eskainiko dira.
Kale ikuskizunak
Herriko kaleak Malabreikers, Batucando eta Toom Pak taldeen ikuskizunek girotuko dituzte. Antzerkia atsegin dutenek, Zipristin, Sambhu eta Fadunito taldeak ikusteko aukera izango dute. Viva Jalisco de Guadalajara taldearen kontzertua edota Lagun Artea Jubilatuen Etxeko koroarena ere eskainiko ditu jaietako egitarauak, baita Uribe Bazterra bandarena ere.
Kirolen atalean hainbat ikuskizun eskainiko dira, hala nola, bodyboard eta kung fu saioak, Ipar Euskal Herriko kirolenak eta Australiako aizkolariak. Jan-edaneko hiztorduei dagokienez, lukainka jan herrikoia, adinekoei omenaldia, XXXVIII. Bakailau Txapelketa, sardina jana edo herri poteo-kantaria egingo dira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.