Barrikako Kultur Etxeak Gazte Astea programa antolatu du udalerriko 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta, uztailaren 7tik 11ra bitartean. Udal iturriek prentsa-ohar baten bidez jakinarazi dutenez, hainbat jarduera egingo dira aste osoan zehar, hala nola kanoa, tirolina, surfa edo snorkela. Gazte Astearen barruan antolaturiko ekimenetan parte hartzeko izen-emateak Kultur Etxean edota 946 775 163 telefono zenbakira deituta egin behar dira, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era. Bestalde, Barrikako Piragua Taldeak Butroe itsasadarretik ibilaldia egingo du uztailaren 5ean. Jarduera goizeko 10:30ean hasiko da klubak duen egoitzan (Larretxe auzoa, 14). Ibilbidea piraguisten mailaren araberakoa izango da. Esku hartzeko derrigorrezkoa da Barrikan erroldatuta egotea, igeri egiten jakitea eta 10 urte baino gehiago izatea. Prezioa 6 eurokoa da (piraguan aritzeko behar diren materiale guztiak hartzen ditu prezioak). Izena emateko epea uztailaren 4ra arte zabalik egongo da, Kultur Etxean (946 775 163).