Anjel Figueroa espetxera eraman dute berriro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 26a, 20:55

Anjel Figueroa preso politiko gaixoari atzo eman zioten sendagiria Txagorritxun eta berriro Langraizko espetxera eraman dute. Berez albiste ona izan zitekeena, algortarraren kasuan "kezkatzeko modukoa" dela azpimarratu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Etengabe bitakoraren bitartez. Izan ere, Figueroaren gaixotasunak okerrera egin du azken aldian eta diagnostiko medikoetan behin eta berriro adierazi bezala espetxean ez ditu behar dituen baldintzak bertan izateko. "Gauzak horrela, gurpil zoro batean sartuta dago: espetxera eraman, baldintza okerrak izanik berriro krisialdiak izan, egun batzutarako ospitalera atera eta berriro espetxera. Horrela darama azken urtea, etengabe", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Azken honetan ekainaren 15ean ospitaleratu zuten, ekainaren 2an bertan alta eman ondoren, espetxean krisialdi larriak izan zituelarik. Argazkian, maiatzaren 11n 200 lagun inguruk egin zuten Langraizko espetxera martxa, Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxebarria arrasatearra eta bertan dituzten gainontzeko preso gaixoen askatasuna eskatzeko asmoz / Anjel kalera! herri ekimena.

Ospitalean krisialdien ondoko egoera kontrolatu eta egonkortu egiten da. Hala ere, hori ere ez da soluzioa. Eta, esate baterako, ekainaren 18an krisialdi larria izan zuen bertan. Zaindariek lurrean botata topatu zuten, konorte barik, mingaina ebakita… "Aipatu behar da ospitalean 1. graduko espetxeko baldintzak ezartzen zaizkiela bertan diren presoei, eta normalean presoak pixka bat hobera egin orduko alta eskatu eta espetxera joan nahi izaten dutela", azaldu du Uribe Kostako AAMk. Figueroaren amak baimena dauka berarekin 24 orduak egoteko. Hala ere, askotan, "guardian dauden ertzainen arabera, trabak eta oztopoak" ere jartzen dizkiote. Azken egonaldi honetan egun batean 3 ordu eduki zuten itxarongelan baimena iritsi ei ez zelako, errepresioaren kontrako erakundeak salatutakoaren arabera. Edo bazkaltzeko irten eta sartzen denean ertzainek bateko edo besteko miaketak egiten dizkiote.

Hurbiltasuna

"Eta hala eta guztiz ere epilepsia kasuetan hurbileko pertsonen harremana funtsezkoa da, arreta zuzena egiten duelako eta bere egoera zuzenean ezagutzen duelako. Medikuak ere eguneroko egoera jakiteko berari galdetu beharra dauka. Eta azken batean ospitalean dagoenean hobera egiten badu gehienbat hurbileko pertsonen harreman eta arretaren eraginez izaten da. Anjelen eboluzioa okerrera doanean, behin-betiko soluzioa ezinbestekoa da. Gero eta okerrago dago eta espetxea-ospitalea-espetxea-ospitalea bueltaka ibiltzeak ez du ezer konpontzen, gaixotasun sendaezina izanik ezer konpontzerik ez duenez", gaineratu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun