Etxebizitzaren konponketari dagokionez, kaltetutako jabeei Aseguruen Konpentzasiorako Partzuergoak kalteez egindako tasazioaren eta azkenean erakunde horrek emango dion diruaren arteko kopurua emango die Udalak. Asegururik ez izatekotan, Udaleko zerbitzu teknikoek kalteei buruz egindako tasazioan oinarrituta, baliteke kalte guztiak ordaintzea tokiko erakundeak. Bide horretan, lan lizentziaren eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuaren %30 aurreratuko du. Era berean, Udalaren laguntza izango da ura, zarama eta estolderia tasak ordaintzeko, aurten ordaindu beharrekoaren beste. Udalak gehienez 100 eurorekin lagunduko ditu trastelekuak dituzten pertsonak, kaltetuen udal erregistroan izena emanda baldin badaude.
Etxeen konponketari buruz esandakoak saltoki baten jabe direnentzat ere balioko du. Hori bai, Ekonomi Jardueraren ganeko Zergan alta emanda egon beharko dira, zehaztu dutenez. Udalak laguntza emango du uholdeek kaltetutako ondasun iraunkorrak konpondu edo aldatzeko. Gehienezko zenbatekoa 1.800 eurokoa izango da saltoki bakoitzeko.
Premiazko dirulaguntzak
Ekainaren 1etik 4ra sortutako premiazko gastuei aurre egiteko dirulaguntza zuzenak eskainiko dizkie etxeetan kalteak eduki eta horregatik alde egin behar izan zuten auzokideei Udalak. Familia bakoitzak ondorengo gastuak ordaintzeko dirua jasoko du: familiaren kide bakoitzeko gosari bat eta eguneko bi bazkari eta garbitegiaren gastuak. Fakturak aurkeztu beharko dira horretarako. Halaber, hilaren 1eko eta 8ko uholdeen ondorioz etxebizitzetan, trastelekuetan edo saltokietan sortutako kalteak konpontzeko lan baimena eskatu duten pertsona fisikoentzat eta juridikoentzat dirulaguntza emango dute. Gehienez eraikitze, instalazio eta lanetako zergaren dirua gehi hirigintz-baimenagatiko tasaren dirua emango du Udalak.
Bateragarriak ez direnak
Edozein aseguru etxek edo administrazio publikok konpentsazio ekonomikorik ematen badu eta horrek Udalak gastu jakin batzuetarako (ostatu berria hartzeko; tresnetarako; etxebizitzak, trastelekuak, komertzioak konpontzeko) eta aktibo finkoetarako ematen dituen laguntzen helburu bera badauka, horren berri eman beharko zaio tokiko erakundeari. Onuradunak dagokion zenbatekoa itzuli beharko du.
Dirulaguntzak eskatzeko betebeharreko eskabide orria, Udaltzaingoaren egoitzan, Algortako Makaleta Etorbidea 56. zenbakian, aurkeztu beharko da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzetarako kaltetuen egiaztagiria ere bideratuko du Udalak. Eusko Jaurlaritzarenak eskatzeko, baina, Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian dagoen ordezkaritzara jo beharko da. Era berean, Espainiako Gobernuak ere laguntza batzuk emango ditu eta horietarako Bilbon (Moyua plaza, 5) duen egoitzara joan behar da.