Hautsontzi eramangarriak banatzen dabil Mankomunitatea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 28a, 14:03

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Kontsumo eta Ingurumen Sailek (Tokiko Agenda 21) herritarrak sentiberatzeko kanpaina egiten ari dira ingurua garbi egon dadin. Horretarako, hautsontzi eramangarriak banatuko dituzte udan zehar Mankomunitatearen egoitzan (Gatzarriñe, 2-4, Sopela) zein berau osatzen duten herrietako udaletxeetan. Izan ere, arazo eta zikinkeria gehien sortzen dituzten hondakinetako bat zigarroen iragazkiak (mutxikinak) eta errautsak dira, tokiko arduradunen esanetan. Azaldu dutenez, txarto itzalitako zigarro mutxikinek suteak eragin ditzakete basoetan eta landetan, baina baita herrietako bideetan ere. Bestalde, haizeak eta euriak ur‑guneetara eramaten dituzte mutxikinok, eta hor, iragazkian dauden produktu kimiko pozoitsuek mehatxu egiten diete uraren kalitateari eta uretako hainbat bizitza‑moduren kalitateari. Mutxikin batek 8 litro ur kutsa dezake. Horretaz gain, animalia askok irensten dituzte janaria direlakoan eta umeek, nahi gabe, ahora eraman ditzakete.

Nonahi aurkitzen ditugu zigarro‑mutxikinak botata, gure herriak, hondartzak, basoak… zabortegiak balira bezala. Baina ez da zikinkeria bakarrik. Ohitura horren ondorioak urrunago doaz. Txori gazteen, dortoken eta itsasoko zenbait animaliaren urdailetan aurkitu izan dira horrelakoak, Mankomunitateko arduradunek nabarmendu dutenez. Eta horrek liseriketa‑sistemaren blokeoa eragin diezaieke, baita heriotza bera ekarri ere. Umeek ere nahi gabe irentsi ahal dituzte, eta ondorioz, goragaleak, logurea edo konbultsioak sortu ahal zaizkie.

Ez dira biodegradagarriak

Zigarroen iragazkiak ez dira biodegradagarriak, hau da, degradatu baino lehenago, hamarka urtetan egoten dira gure ingurumenean. Mutxikinek milaka osagai dituzte, eta horien produktu kimiko pozoitsu disolbagarriek ingurumena kutsatzen dute. Zigarro mutxikinak zabor kausarik handiena dira munduan. Mutxikin bat lurrera botatzen denean, euriak ur‑iturriraino eramaten du. Heltzen diren milioika mutxikinek askatzen dituzten produktu kimikoek kalte egiten diote ekosistemari eta txartu egiten dute uraren kalitatea.

Hori guztiagatik hainbat gomendio eman dituzte Mankomunitateko iturriek. Batetik, inoiz ere zigarro‑mutxikinik komuneko zulora ez botatzeko eskatu dute. Baita zigarroa ondo itzali eta, gero, zaramara botatzea ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun