Bihartik aurrera Joko eta Letren Terrazak zabalik izango dira Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 30a, 20:27

Bihar, asteartea, uztailak 1, Joko eta Letren Terrazak berriro ere aterako dira Getxo udalerriko kaleetara, gaztetxoak eta helduak liburuez goza daitezen. Ohikoa denez, udal liburutegiek hiru etxola jarriko dituzte plaza banatan. Terrazak abuztuaren 29ra arte egongo dira Algortako Telletxe, Areetako Xake eta Getxoko Sarri plazetan. Hiru gune hauetan udarako bereziki hautatutako liburuak irakurri ahal izango dituzte erabiltzaileek. Aurten gainera, aisialdi-eskaintza zabalduko eta gaztetxoek hainbat jokoz eta tailerrez gozatu ahal izango dute udan zehar. Guztira, 2.000 liburuz osatutako liburu-funtsa eskainiko zaio jendeari. Horrela, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar, izango dituzte eskura. Halaber, eguneko prentsa ere aurkitu ahal izango dituzte. Azken finean, udarako eta, bereziki haurrentzat aproposak diren irakurgaiak kaleratzea da ekimen honen helburu nagusia.

Udako liburutegiez gain, Getxo udalerriko Joko eta Letren Terrazak aisialdirako guneak dira eta bertan, haurrek irakurtzea eta beste hainbat jarduera uztar ditzakete egun osoan zehar, begiraleek gainbegiratuta. Aurten, liburutegiek eskaintza hori bultzatu nahi dute astelehenetik ostiralera eta, hori dela eta, zenbait jarduera izango dira: astelehenetan, eskulan-tailerrak; astearteetan, antzinako jokoak; ostegunetan, baretze eta elkartasun jokoak; eta, ostiraletan, mahai jokoak. Honako hau izango da terrazen ordutegia: 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Irakurtzegunea Faduran

Bigarren urtez jarraian, Udako Liburutegien eskaintza osatzeko, irakurtzegune bat kokatuko da Fadura kiroldegian. Bertan, postu bat kokatu eta erabiltzaileek, euskarazko eta gaztelaniazko 200 bat liburu irakurtzeko aukera izango dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun