Getxo eta Sopelako Itsas Joko Atlantikoak aurkeztu dituzte, oraingoan Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 1a, 22:03

Hilaren 19tik 25era Getxo eta Sopelan burutuko diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak aurkeztu dituzte gaur, berriro ere, Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregian. Izan ere, bi urtetan, 2006ko uztailean Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) Zeltar Itsas Jokoak egiteko aipatu udalerriak aurkeztu zituenetik, zazpigarren agerraldia izan da gaurkoa. Oraingo honetan, hainbat politikari agertu dira kirolariak laguntzeko. Esate baterako, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Josune Ariztondo Kultur diputatua, Imanol Landa Getxoko alkatea eta Josu Landaluze Sopelako zinegotzia. Haien ondoan, Fernando Asenjo EKFBko presidenteak, François Arbellot Itsas Joko Atlantikoen Nazioarteko batzordeko idazkariak eta Unai Basurko marinela, probaren aitabitxia eta Basque Team (BAT) taldeko kideak azpimarratu dituzte probaren garrantzia eta erakusgarritasuna.

Getxo eta Sopelako kostaldeen eta kirol nautikoen inguruko bideo labur baten ostean, Arbellotek hainbat kopurutan laburtu du Eusko Autonomia Erkidegoa batzearekin batera Joko Zeltiarrak izatetik Itsas Joko Atlantikoak izatera pasatu den aurtengo edizioa: "33 eskualde eta 5 nazio" batuko baitira jokoetan eta inguru horretan 60 milioi pertsona bizi eta 200.000 kilometro kosta izaten dira, haietako askotan itsas jokoak egiteko egokiak. Atlantiko ozeanoa bera "ondasun ikaragarria" dela gogoratu du.

"Gure hizkuntza"

Bestalde, Fernando Asenjo EKFBko presidenteak ilusioa jokoetan duela ari dela onartu eta ur jokoetan Euskal Herria potentzia handia dela esan du. Era berean, eskertu die Getxo eta Sopelako udalei gogo biziz jokoak aurrera ateratzeko egiten ari diren lana. Azkenik, jokoen helburu gisa aipatu du ehunaka kirolarik lehiatzeaz eta bere onena emateaz gain "gure kultura eta gure hizkuntza ezagutzera etorriko" direla. Baieztapena bitxikeri gisa gelditu da, gazteleraz esan duelako eta inguruan, euskarazko protokoloko agurrak izan ezik, prentsaurrekoa gazteleraz, batez ere, eta frantsesez burutu delako. Karteletan ere, nazio gehienen izenak norberaren hizkuntzan edo euskaraz agertu ez eta gazteleraz agertzen dira.

Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak, berriz, nazioarteko proba goratu eta "hemen gure artean ezagunena den" Unai Basurkok aspaldi esan zion esaldi bat ekarri du gogora: "konpondu gabeko arazoa genuela esan zidan: 'itsasorantz berriro begiratzea'".

Aste nautikoa

Unai Basurkok, ordea, Itsas Joko Atlantikoek kirol nautikoak jendartean zabaltzeko izan dezaketen eragina izan du hizpide eta ikastetxeetan aste nautikoak antolatzeko ideia proposatu du, leku askotan elurrera joateko egiten den aste zuriaren antzera. Bestalde, jo eta ke dabil Portugaletekoa azaroan hasiko den munduko bira prestatzen, baina uztailaren 19an bertan, Areetako kaleak jokoetan parte hartzen duten nazio ezberdinen koloreekin beteko dituen inaugurazio desfilean ikurrina eraman eta gure selekzioa zuzenduko du Basurkok.

Itsas Joko Atlantikoak Bretainian sortu ziren 1995eko urtean, eta Europa Atlantikoko eskualde eta nazionalitateetako kirol, turismo eta kulturaren arloko sustapenak ekitaldi bakar batean biltzeko helburuarekin jaio ziren. Eta hori lortzeko modurik onena, itsasoarekin estuen lotuta dauden espezialitateetan lehiatzea izan zen: surfean, belan, arraunean, piraguismoan eta urpeko jardueretan. Euskal selekzioak dagoeneko egiteko nabarmena betetzen du lehiaketa horretan, eta gero eta ezagunagoa den eta zalantzarik gabeko kalitatea duen partaidetza du, azken hiru urteetan frogatu duen bezala: Gijonen, Kornuallesen eta Bretainian, hiru leku horietan euskal selekzioa izan zen onena, inolako ezbairik gabe. EKBFk duen pisua gero eta handiagoa da, eta, horregatik, berak antolatuko ditu 2008ko Jokoak Getxon eta Sopelan. Aurten, 15 lekutatik etorritako 800 eta 1.000 kirolari bitartean elkartuko dira elkarbizitza adeitsu eta lagunarteko lehia giroan. Galizia, Bretainia, Kornualles, Eskozia, Man Uhartea, Irlanda, Portugalgo Iparraldea, Gales, Asturias, Katalunia, Andorra, Belgika eta Akitaniako kirolariekin batera lehiatuko da Euskal Herria.

Nazioarteko batzordea

Dagoeneko hainbat diziplina nautikotako nazioarteko federazioek aintzatetsi dituzte Itsas Joko Atlantikoak. Gainera, 2003az geroztik, jokoekin batera Merkatu Zelta egiten denetik, asko aberastu dira jokook, hainbat herrialdek produktu autoktonoak erakusten baitizkiote jendeari 3 edo 4 egunetan. Itsas Joko Atlantikoak, kide diren herrialde edo eskualde bakoitzeko 4 ordezkarik osatzen duten nazioarteko batzorde baten agintepean antolatzen dira. Nazioarteko batzorde horrek, Jokoetako edizio desberdinen tokiak eta datak definitzen dituen arautegi orokor bat argitaratzen du. Eta 2008an, Euskal Herriko Kirol Federazioen Elkarteari egokitu zaio txanda.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun