Gazte Astea aste batez atzeratu du Barrikako Kultur Etxeak eta astelehen honetan hastekoa bazen ere, azkenean hilaren 14tik 18ra egingo dute. Gainera, goiz eta arratsaldez egitetik 15:30etik 19:00etarako ordutegia ezartzera pasatu dira. Udal iturriek prentsa komunikatu baten bidez eman dute aldaketen berri baino ez dute argitu ekimena zer dela eta atzeratu behar izan den. Era berean, hasieran udalerriko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo bazen ere orain 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzat baino ez da izango. Orain arte iragarritako jarduerak, hala nola kanoa, tirolina, surfa edo snorkela mantendu eta ekimen berriak gehituko dira. Esate baterako, arku-tiro, eskalada eta mendi ibilbideak ere egiteko aukera izango da. Berriz, Barrikako Piragua Taldeak Butroe itsasadarretik larunbat honetan egingo duen ibilaldian ez da aldaketarik egongo eta Larretxe auzoan hasiko da 10:30ean, iragarrita zegoen bezala.