Larunbatean ospatuko da Sopelako Lasterketa Nudistaren 10. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 2a, 23:14

Euskal Naturista Elkarteak (ENE) antolatuta, larunbat honetan, hilak 5, egingo da Patxi Ros Saria Sopelako Lasterketa Nudistaren 10. edizioa. Ohikoa den legez, eguerdiko 12etan hasiko da proba, Barinatxe hondartzako alde sopeloztarretik abiatuta. Getxoko aldera ailegatzeko 5.000 metroko ibilbidea izango dute partehartzaileek, hondar gogorretan, marea behean dagoela. Gaztetxoen irteera bakarra egingo da, baina ibilbidearen erdia egingo dute, 2.500 metro. Antolatzaileek espero dute iazko marka gainditzea eta 136 korrikalarik baino gehiago parte hartzea. Izen ematea erabat doakoa izango da, eta lasterketa amaitzean herri bazkaria egingo dute Golfo Norte tabernan, Barrikan, antolatzaile eta korrikalarientzat.

Lasterketan sei maila bereiztuko dira: gizonezkoak, emakumezkoak, helduak (40 urtetik gorakoak) eta gaztetxoak (14 urtetik beherakoak). Gainera bazkide diren naturistentzat, agiri bidez frogatzen badute, emakumezkon eta gizonezkoen beste bi maila sarituko dira.

Helduen mailan ez da emakumezkoen bereizketarik egingo, aurreko urteetan ez baitzuten nahikoa emakumek esku hartu bereizketa hau egiteko. Aurten emakumezko gehiagok izena ematen badute, datozen urteetan bereizketa hori egitea aintzat hartuko litzateke.

Europan erreferentea

Maila bakoitzeko hiru lehenei saria emango zaie. Gainera, froga amaitzen duten guztientzat oroigarriak izango dira. Bihar arte egin daitezke izen-emateak carreranudista[abildua]ene-naturismo.org posta elektronikoaren bitartez zein elkartearen webgunean dagoen eskari orria betez. Dena den, lasterketa egunean bertan ere egin ahal izango da, abiapuntu gunean, goizeko 11:30ak arte.

Iaz korrikalarien gehiengoa bertakoak izan baziren ere Aragoi, Alemania, Frantzia, Italia eta Herrialde Katalanetatik etorri ziren hainbat partaide, urrunena Txiletik heldu zena. Izan ere, antolatzaileen arabera, Europa osoko kirol ekintza nudistarik ezagunena da Patxi Ros Saria izena duen Sopelako Lasterketa Nudista.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun