Erandioko lehen hezkuntzako 252 ikaslek parte hartuko dute aurten Udaldia 2008 egitarauan, udal iturriek adierazi dutenez. 1996 eta 2001 urte bitartean jaiotako neska-mutil horiek hiru txandatan parte hartuko dute ekintzetan. Lehen txanda bihar bertan bukatuko da, bigarrena uztailaren 7tik 18ra izango da eta hirugarrena uztailaren 21etik abuztuaren 1era. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako 40 ikaslek ere parte hartuko dute Udaleko Kultura, Gazteria, Kirolak eta Euskara Sailak antolatutako ekimen horretan. Egitarauaren barruan ondoko ekintzak egingo dituzte: Lehen Hezkuntzako ikasleek tenis, judo, ping pong, pilota, herri kirolak, atletismo, olinpiada kooperatiboak, esgrima, hipika, txapak eta malabareak egiteko tailerrak eta igeriketa izango dituzte. Bigarren Hezkuntzakoek, berriz, surf, tenis, ping-pong, urpekaritza, hipika, herri kirolak eta arrauna. Jarduerak antolatzeko eta ikuskatzeko arlo jakin bakoitzean adituak diren begirale elebidunak dituzte.