Anitza, kalitatezkoa eta harrobizalea izango da aurten GetxoJazza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 3a, 23:56

Astelehenean, hilak 7, Algortan abiatuko da Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren XXXII. edizioa. Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu duenez, Algortako San Inazioetako Jai Batzordeak sortu zuen jazzaldiaren aurtengo edizioa "ez da edonolako edizioa izango", jardunaldiek jauzi handia eman eta beste gune bat, beste egun bat eta The Manhattan Transfer bezalako nazioarteko talde entzutetsuak ekartzeko aukera irabazi dutelako. Jazz eta musikako zaleek egindako apustua berresten duten esateko hitza izango dute orain. Tartean, Iñaki Saitua GetxoJazzaren zuzendariak espero du iazko 13.000 ikus-entzuleen kopurua gainditzea, "aurten inoiz prestatu dugun gure jazzaldirik onena" izango baita. Gainera, ohiko hiru apustuei bultzada emango diete: "aniztasuna, kalitatea eta gazteei laguntzea ematea", hain zuzen ere. Astelehenetik, larunbatera arte, besteak beste, The Manhattan Transfer, Iñaki Salvador Noneto, John McLaughlin & 4th Dimension, Avishai Cohen, Arturo Sandoval eta Archie Sheep jazz musikari eta taldeek joko dute Algortan. Hortaz, Euskal Herria, Galizia, Herrialde Katalanak, Kuba, AEB, Suedia, Txekia, Ingalaterra edo Israelgo taldeak izango dira.

Algortako Portu Zaharrean egindako aurkezpenean, Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur diputatua ere izan da eta estrategikotzat jo du kultur ekimena. Gainera, Foru Aldundiak emandako 100.000 euroko laguntzaren berri eman du.

Astelehenean, uztailak 7, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jazz denboraldia hasiko da Getxoko Jazzaldiaren XXXII. edizioaren eskutik. Hilaren 12ra arte, kalitatea eta aniztasuna ardatz nagusi dituen eskaintza ekarriko du Bizkaiko jaialdiak eta artista ospetsuak eta talde gazteak bilduko ditu sei egunetan. The Manhatttan Transfer, Iñaki Salvador Noneto, John McLaughlin, Avishai Cohen, Arturo Sandoval eta Archie Shepp arituko dira kontzertu nagusietan. Horiez gain, aurten lehenengo aldiz izango den Dixie-Gunearen saioak, jazzaren alde ludikoena zabaltzeko, eta Talde Lehiaketaren eta "Hirugarren Milurtekoa" atalaren kontzertuak ere egongo dira, eguneko programazioa amaitu eta gero ospatuko diren Jam Sessionak ahaztu gabe. Halaber, New Orleansetik etorritako marchin' band-a arituko da jazzaldian, Getxoko kaleak girotzeko.

The Manhattan Transfer talde mitikoa

Jaialdiaren lehenbiziko egunean, uztailaren 7an, The Manhattan Transfer talde ospetsua jardungo da. Laukote estatubatuarra munduko ahots-talde ezagunenetako bat da. Trebetasun handiz lantzen ditu bai jazza bai beste musika mota batzuk (rhythm & bluesa, rock and rolla, samba, bossa nova...) eta vocalese izeneko estiloan maisu bilakatu da taldea. Konposizio instrumentalei hitzak jartzean datza estilo hori, soprano, altu, baxu eta soprano ahotsak uztartuta. Zortzi Grammy sarik eta 20 bat diskok bermatzen dute taldearen kalitatea eta publiko guztietan lortu duen eragina hiru hamarkada baino gehiagotan zehar.

Asteartean, bertako jazza

Biharamunean, asteartean, Iñaki Salvador Nonetoaren txanda izango da. Proiektu hori musikari euskal herritarraren azken asmakizunetako bat da: Donostiako Jazzaldiak eskatuta sortu zuen, 2005ean, jazzaldiaren 40. urteurrena zenean. Horrela, Salvadorrek artista talde zabala elkartu zuen: Itxaso Gonzalez abeslaria, Victor de Diego eta Mikel Andueza saxofoi-joleak, Hasier Oleaga bateria-jolea, Jackie Berekoetxea tronpeta-jolea, Jonathan Hurtado teklista eta Javier Juanco gitarra-jolea. Salvador bera zuzendari dela, bederatzikote horrek piano jole donostiarraren hainbat pieza jotzen ditu, berak moldatutako estandarrekin batera.

Jazz zelta

Asteazkenean, hilak 9, Getxo Jazzen hogeita hamabigarren edizioko musikaririk handienetako bat arituko da: John McLaughlin & 4th Dimension. Britainiako gitarra-jole, piano-jole, teklista eta musikagile hau gaur egungo jazz artista handietako bat da. Musikari belaunaldi askorentzat ezinbesteko erreferentzia izan da, etengabe berritzen duelako eta jazza beste estilo batzuekin uztartzeko gaitasuna duelako. Blues, musika akustikoa, flamenkoa, rock, skiffle, musika hindua... Guztietatik zer edo zer atera du McLaughlinek, eta birtuosismo eta teknika erritmiko borobilez gauzatu ditu estilo guztiak. 60ko hamarkadan hasi zen jotzen, eta harrezkero artista mordo batekin batera jo du: Georgie Fame, Jimi Hendrix, Dave Holland, Tony Williams, Miles Davis, Wayne Shorter, Billy Cobham, Paco de Lucia, Al Di Meola, eta beste asko. 40 disko inguru grabatu ditu.

Israelgo jazza

Jaialdiaren erdibidean, ostegunean, hilak 10, Avishai Cohen Trioren txanda izango da. Avishai Cohen kontrabaxu-jolea Jerusalemen jaio zen. Israelen hasi zituen musika ikasketak, 10 urterekin. Ikasten jarraitu zuen, Estatu Batuetan. Bertan pianoa eta baxu elektrikoa jotzen ikasi zuen eta jazzaren munduan murgildu zen, Stanley Clarke eta Jaco Pastoriousen musikak bultzatuta. Israel eta Estatu Batuen artean ikasketak bukatu zituen. 1992an New Yorkera itzuli zen, eta bertan erritmo latinoak aztertzen hasi zen, Danilo Pérezekin batera. 1996. urtean, Chick Corearen Origin seikotean sartu zen, eta 2003. urtera arte aritu zen bertan. Harrezkero musikagile gisa aritu da, eta bere disko-etxea sortu du: Razdaz Recordz, hain zuzen ere. Gaur egun, estilo ugari jotzen ditu, musika klasikotik poperaino, jazz, funk edo erritmo latinoak ahaztu gabe.

Jazz latinoa

Uztailaren 11n, ostiralean, Arturo Sandoval (Artemisa, Kuba, 1941) tronpeta-jole famatua etorriko da Algortara. Sandoval jazz latinoko artistarik ezagunetako bat da. 13 urterekin hasi zen lehen urratsak egiten, bere sorterrian perkusioa joz. Musika-tresna ugari probatu ondoren, tronpeta aukeratu zuen. Ia-ia jazz lortzeko aukerarik gabe, Dizzy Gillespie eta Charlie Parker entzutean bizitza aldatu zitzaion. 16 urte zituela, Kubako Orkestra Nazionalean sartzea lortu zuen eta, ondoren, Kubako Musika Modernoaren Orkestran sartu zen. Soldadutza egin ondoren, Irakere taldea sortu zuen, bere herriko jazz talde nagusia, Paquito D'Rivera eta Chucho Valdésekin. Sandoval Miamin bizi da 1992tik, eta musika latinoko musikari handien artean bere txokoa aurkitu du, musika klasikoa baztertu barik. Bere belaunaldiko tronpeta-jolerik trebeenetako bat da Sandoval. Bere bizitzan sari asko jaso ditu, Grammy ugari tartean.

Hauxe da despedidea!

Getxo Jazzek 2009ra arte agur esango die larunbatean entzuleei, 71 urteko Archie Shepp musikari beltza eta estatu batuarraren laukotearekin. Iparramerikako musikari beterano honek pianoaren eta klarinetearen eraginez hasi zituen musika ikasketak. Baina laster saxoaz maitemindu zen. Shepp Cecil Taylorren laguntzaz hasi zen musikari profesional gisa; haren taldean sartu zen 1960an. 60ko hamarkadan free jazza ekarri zuen berrikuntza izpiritu kolektiboan parte hartu zuen. Chuck Dixonekin batera bere lehen diskoa grabatu zuen eta gero New York Contemporary Five sortu zuen. Ordukoak dira urte haietan sortzen hasi zen mugimendu beltzaren aldeko bere lehenbiziko konposizioak. Gero John Coltrane-rekin aritu zen "Ascension" disko ospetsuan, free jazzaren maisulana. Gero abangoardiako musikariekin jotzen jarraitu zuen: Cecil Taylor, Sun Ra eta Carla Bley, adibidez. 70eko hamarkadan, musika jo ez ezik Ahmherst Unibertsitatean irakasten hasi zen. Bertan Jazzaren Soziologia eta Historia irakasten zituen. Harrezkero, Sheppek musika afro-amerikarraren estilo ugari probatu ditu, eta gaur egun, saxo tenorearen maisurik handienetako bat da.

Eszenatokiak

Urtero bezala, jaialdiak hiru kontzertu mota izango ditu. Biotz Alai plazan taldeen lehiaketako emanaldiak egingo dira, 21:30ean. Ondoren, egun bakoitzeko talde eta musikari nagusiak aterako dira agertokira. Bestalde, “Hirugarren Milurtekoa Ataleko” kontzertuak Getxo Antzokiko plazan egingo dira. Bertan, jazz talde gazteek musika mota honi ekarpenak egingo dizkiote eta euren freskotasuna erakutsiko digute. Azkenik, Algortako Geltokia plazan Dixie Gunearen saioak izango dira, 18:00etatik aurrera. Atal hori lehenengo aldiz abiatuko da aurten eta 20eko eta 30eko hamarkadetako musika alaia jotzen duten bost talde bilduko ditu.

Laburbilduz, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 32. edizio honetan nazioarteko artistarik onenetako batzuen emanaldiak prestatu ditu. Aldi berean, ordea, artista berriei publiko handiaren aurrean agertzeko aukera eskaintzen diegu. Estilo ezberdinetako talde eta artistak etorriko dira Getxora, guztira hamabost emanaldi eskaintzeko, jam sessionak ahaztu gabe, Algortako Piper's Irish Pub-ean egingo direnak, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatutakoan. Bost egunez, jazzaren soinuek Bizkaiko herri honetako kaleak beteko dituzte, musika onaren zaletu guztientzat lehen mailako topagune bihurtuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun