Berrikuntza gisa, popularrek hauteskunde giroan sartu eta EAJren Gobernua ahalbidetzeagatik errua bota diote PSE-EEri, Udala osatu zenean "nazionalismoari aurre ez egiteagatik" eta ordutik hona PPk zentsura mozioa aurkezteko eskainitako aukera guztiak "alboratu" dituela: "PPk urte honetan hiritarren alde lan egin duen bitartean, EAJ eta PSE-EE eroso daude udalerrian, proiekturik aurrera ateratzen ez dela".
Iñaki Gamero, Eduardo Andrade eta Jesus Toca-Toñarekin batera Areetako PPren egoitzan emandako prentsaurrekoan Marisa Arruek gogoratu du urte honetan zenbat aldiz babestu duten Udal Gobernua. "Auzokideen alde" egin ahal izateko PPk bidea eman zien Begoña gaztelua eta Getxo Antzokia proiektuen HAPOren aldaketeei, funtzionarioen lan baldintzak hobetzeari, uriolek kaltetuentzako kredituak emateari zein uholdeen inguruko batzordea sortzeari, PPk eskatuta, gaur lehen aldiz batu dena eta Gobelako afera konpontzeaz gain, ekainaren 1ean ezbeharra "zergatik sortu zen jakiteko" baliatuko dutena.
Baina, PPren lana albo batera utzita Getxoko legealdiaren lehenengo urte horren oso balantze eskasa egin dute popularrek. "Gutxiengoan dagoen" Udal Gobernua "akordioetara heltzeko ez gauza" dela eta "aurrera ateratzeko proiekturik ez" duela esan du, behin eta berriro, Marisa Arruek. Bere ustez, horren adierazlerik esanguratsuena da udal aurrekontuak aurkezteko ezgaitasuna.
Etxebizitzak Getxon
Baina alde politikoari baino, garrantzi handiagoa eman dio Getxoko PPk hirigintza alderdiari. "EAJ Andra Marin LZPrekin jarraitzeko tematuta dago. Batzordean proiektua bertan behera utzi duteneko aztarnarik ez dugu ikusi. Eta ailegatu zaigun informazio baten arabera, Andra Mariko zonalde batean proiektuaren zati garrantzitsu bat eraikitzeko negoziatzen hasi dira. Gure arnastegi berdeaz kezkatuta gaude, gure auzokideez kezkatuta gaude eta auzokideak ere kezkatuta daude", azaldu du Marisa Arruek.
"Baina hau guztiau posible bada alderdi batek ahalbidetu duelako izan da: alderdi sozialista", gogoratu dute popularrek. Hauteskunde kanpaina alternatiban oinarritzea eta hauteskundeen ostean nazionalismoari aurre egiteko adorerik ez izatea eta gobernu nazionalista erraztea leporatu dizkiote PSE-EE: "ez dakit zein den nazionalismoari aurre ez egiteko duten konplexua, baina kezkatzen nau, batez ere beren burua alternatiba gisa eskaintzen duten hauteskunde autonomiko batzuen aurretik", itxi du gaia popularren zerrendaburuak.