Maite Bikuña ENEko kidea eta lasterketaren antolatzaileetarikoa pozik agertu da gaurko probarekin: "eguraldia dela eta aurreko urteotan baino gutxiago izan gara baina etorri diren guztiak aurreko urteotan etorritakoak dira. Nolabait esan daiteke ekimena finkatu egin dela eta jendea korrika egitera datorrela kirola hutsagatik. Hain zuzen ere guk nahi duguna".
Irabazleak, atleta federatuak
Familia giro horretan, 13 izan dira Uribe Kosta eta Erandioko korrikalariak eta dozenaka Bizkaiko beste lekuetatik etorritakoak. Dena den, urrunagotik ere heldu direnak izan dira. Horrela, Gaztela, Frantzia, Leon eta Alemaniako lagunak izan dira, besteak beste. Iñigo Gonzalez kanariarrak ere, arrazoia eman dio Bikuñari eta lasterketaren 4. eta 5. edizioetan parte hartu zuela gogoan izan du. Aurten, berriz, "hemengo giroa erabat ederra delako eta ni nudista ez izan arren, naturismozaleen borroka ontzat hartzen dudalako" etorri da korrika egitera Valladolideko lagun batekin batera. Gainera, iraila beharrean uztailean burutu denez, ez du lan arazorik izan. Jone Etxebarria ere ez da nudista baina aldeko jarrera mantentzen du: "ez dakit zergatik oraindik oztopoak jartzen dizkieten". Horregatik eta atleta delako hurbildu da Barinatxeraino. Orain Urduñako kirol taldeko adiskideei erakutsi ahal izango die txapela.
Bikuñak barre egin du lasterketaren ostean probaren zehar eroritako sirimiri luzea gogoratzen: "atzerriek maiz esaten ziguten iraila beharrean, uztailean egiteko saria, eguraldi hona egingo zuelako. Orain aldatu dugu, iraileko mareak negargarriak zirelako ordutegi aldetik eta guk marea behean egotea behar dugu lasterketa egin ahal izateko... eta begiratu emaitza zein izan den. Hemen eguraldia berdin da uztailean, abuztuan zein irailean... datorrena datorrela".
"Kirol ekitaldi bat da hau"
Baina, anekdotak aparte, "nudismoa normaltasun batean egongo bada lasterketa kirol atalean" agertu beharko litzatekeela esan die Maite Bikuñak kazetariei: "lasterketaren bitxitasuna da korrikalariak nudistak direla, baina kirol ekitaldi bat da. Nahi duguna da nudismoaren egoera normalizatzea, jende arrut gisa ikus gaitzaten. Guztiok goaz hondartzara, batzuk bainujantzian, beste batzuk, surferrak bezala, neoprenozko jantziarekin eta gu biluzik".
Harremanak sendotzeko, Naiara Ibarzabal eta Leire Basuri Sopelako zinegotziek sariak eman ostean, antolatzaileek eta kirolariek herri bazkaria egin dute Golfo Norte tabernan, Barrikan.