1972an sortu zen taldea, Tim Hauser laukotearen buruak, Laurel Masse, Janis Siegel eta Alan Paul abeslariak batu zituenean. Hasierako urteetan ondo merezitako ospea lortu zuten New Yorkeko klub onenetan eta, horren ondorioz, lehenengo diskoa ailegatu zen: “The Manhattan Transfer”. Handik gutxira Europan ere arrakasta lortu zuten eta diskoak bata bestearen atzetik egiten hasi ziren: “Coming Out” eta “Pastiche” lanei esker musika zerrendetan nagusitu egin ziren eta zaleek zuzenean grabatutako diskoa eskatu zuten. Esan eta egin: “The Manhattan Transfer Life” hartu zuen izena lan horrek. 1978an Laurel Massek taldea utzi zuen bakarkako jarduera hasteko asmoz eta Cheryl Bentyne artista gazteak ordezkatu zuen.
“Extensions” diskoarekin arrakasta lortu zuten lehenengo aldiz pop musikan. Lan horretan “Twilight Zone” eta “Birdland” kanta ospetsuak zeuden, besteak beste, eta horiei esker lehenengo Grammy saria eskuratu zuten. 1985ean bultzada izugarria izan zuen taldeak. “Vocalese” diskoa kaleratu zuten eta horrekin arrakasta handia lortu zuten. Lana 12 Grammytarako proposatu zuten eta Michael Jacksonen “Thriller” disko ospetsuarekin lehiatu zen “Vocalese”. 2003an lehenengo aldiz jardun zen The Manhattan Transfer Getxoko Jazzaldian eta kontzertu bikaina eskaini zuen. Sei urte geroago berriro ere dator taldea Getxora zaleak liluratzeko asmoz.
Bigarren eguna
Biharamunean, uztailak 8, jazzaldiak bere atal guztiak zabalduko ditu. Eguneko egitaraua Algortako Telletxe plazan hasiko da, 18:00etatik aurrera. Bertan, Gumbo Jazz Band talde kataluniarrak hasiera emango dio Dixie Guneari. Saioa amaitu ondoren, zaleek Getxo Antzokia plazan jarraitu ahal izango dute musikaz gozatzen, 19:30ean “Hirugarren Milurtekoa” ataleko kontzertua hasiko baita. Horretan Javier Pereiro Quartet laukote galiziarra izango da protagonista.
Iluntzean, 21:30ean, Biotz-Alai plazara igaroko dira jazz erritmoak. Ohi bezala, bertan saio bikoitza egongo da. Lehenengoan, Tutusaus Septeteko kataluniarrek abian jarriko dute Talde Lehiaketa eta, horien ostean, 22:30ak aldera, eguneko kontzertu nagusiaren txanda izango da, Iñaki Salvador Nonetoaren eskutik. Taldea Donostiako 2005eko Jazzaldiaren enkargu gisa sortu zen, eta, bertan, Salvadorren inguruan, zenbait belaunalditako musikariak bildu ziren, denak ere Salvadorren inguru hurbilekoak. Taldean oso kimika berezia sortu zen eta, ondorioz, hasieran behin-behineko proiektua izan bazen ere, guztiz finkatu da nonetoa eta aurrera darrai. Azkenik, Algortako Piper’s Irish Pubean gozatu ahal izango dute jazz-zaleek jam session batez, goizaldera arte.