Ruben Sanchez Bakaikoa: "Avishai Cohen, non grato!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 9a, 21:56

Bihar, uztailaren 10ean, Avishai Cohen israeldarraren taldeak kontzertua eskainiko du Getxoko jazzaldian. Avishai Cohen munduko baxujole trebeenetakoa da eta ez da faltako bihar bere musika entzutera joango denik, ez da faltako musika kontzertu hutsa dela gogorarazten digunik, ez eta musika eta politika, mesedez ez dezagula nahastu aginduko duenik ere. Baten bat haserretu ere, haserretuko litzateke, bere aisialdi eskubidea, ez musikaz, ez politikaz (ez ezertaz ere) ulertzen ez dugunok bortxatuko bagenu. Hala ere, beste behin ere, euskal herritarrei kontzertura ez daitezela joan eskatzen diegu Askapenetik bai eta Getxoko jazzaldiaren arduradunei artista israeldarrik ez dezatela gehiagotan gonbidatu ere, ez bada Israel Estatu sionistari muzin egiten diotelako: Palestinako gizarte zibileko ehundik gorako elkartek, sindikatuk, kulturgilek eta abarrek nazioarteko komunitateari boikota egiteko deiarekin bat datozelako, alegia.

Palestinarekin elkartasun aktiboa egiteko modua da boikota. Ez gara sartuko Avishai Cohenen gaineko balorazio pertsonaletan, ez bada, estatu horretako biztanlea den heinean horrelako Israel bati ez esatea, boikot egitea, alegia, berari ere badagokiola esateko.

Israeli ez esatea ez da "bakea"-ren alde agertzea, ez da nahikoa "bi estatu"-ren konponbidearen alde mintzatzea, ez da nahikoa unean uneko israeldar Gobernuari kritika egitea, edo Armadaren gehiegikeria bat gaitzestea. Hori denek egiten dute: oposizioan dagoen israeldar alderdi politikoek, Europar Batasunak, AEB-k, NBE-k, Jaurlaritzak...

Eta orduan zer?

Bada, Israelek Nakba-n izan zuen erantzukizuna onartu behar du, hau da, Israelgo Estatua sortu zuten bezala sortu izana dela gatazkaren erroa, eta hori konpontzean datzala konponbidea. Nakbaren ondorioz daude 4 miloi errefuxiatu, Apartheid harresia, Israelen bizi diren palestinarrak sistema arrazista batean bizitzea, etengabe kolonia berriak eraikitzea baita Gazan eta Zisjordanian ere, preso politikoak...

Israelek estatu-politika horri eman behar dio amaiera. Bien bitartean Palestinatik zera eskatzen digute: "Hego Afrika estatu arrazistari 80. hamarkadan egin zenioten boikota egin ezazue orain Israelek gurekiko zapalkuntza koloniala eten dezan".

Avishai Cohenek, israeldar biztanlea den heinean, israeldar musikaren ordezkaria den heinean, israeldar kulturaren artista gorenetako den heinean, badu ardura Palestinaren zapalkuntzan, eta geuk badugu ardura 60 urte diraun genozidio honi amaiera emateko.

Ruben Sanchez Bakaikoa, Askapenaren kidea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun