Josu Amezagak bere erabakiaren berri ematean gogoratu zuenez, 2007ko udal hauteskundeetan "EAEk 3.247 boto lortu zituen eta, beraz, 2 zinegotzi zegozkion, baina EAJk eta PPk ez zuten hori aintzat hartu eta zinegotzi bana hartu zuten, haien taldeak puztuz eta gu ordezkaritza legalik gabe uzten. Saiatu ginen haiekin berba egiten era legal baten bidez arazoa konpontzeko baina PPk ez zuen bildu ere egin nahi eta EAJ gurekin bildu bazen ere, ez zuen arazoa konpontzeko inolako neurririk onartu eta ez dute amore eman. Guk, bitartean, emandako botoen arabera gure lana egin dugu kalean eta, ahal izan dugun neurrian erakundeetan".
Udalaren balorazioa
Horretaz gain, Udal talde berria ezarri zenetik hona emandako urtearen balorazioa egin zuen Amezagak: "lehenengo eta behin, aipagarria da Udal Gobernuak ez dituela hauteskunde emaitzak onartu, ezta gure zerrendak lortutako botoak onartu ere. Eta hortik aurrera, baztertu gaitu ahal izan duen guztietan". Hautetsi ohiak aletu zuenez Udal Gobernuak uko egin die informazioa, ez die Udal bizitzan parte hartzen utzi eta "legeak edozein hiritarren eskubidetzat jotzen duenez, behartzen dienetik haratago parte hartzeko aukera guztiak itxi egin dizkigu: ez daukagu eztabaidatzeko eskubiderik, ez daukagu boto emateko eskubiderik, baztertzen gaituzte ere informazio batzordeetatik nahiz eta legeak aukera ematen dion alkateari berak nahi badu gu gonbidatzeko... Bada, ez gaitu gonbidatzen, debekatzen digu parte hartzen eta ez gaitu uzten beste batzordeetan parte hartzen, hirigintzan, esate baterako. Bertan hainbat herritar daude eta gu ez gaitu deitzen. Nahiz eta alkateak esan herri partaidetza sustatzen duela gu etengabe baztertzen gaitu".
Kalera begira irudikatzen den Udalbatzaren osaketa ere izpide izan zuen Amezagak: "osatu den Udala ez da getxoztarren ordezkari. PSE-EEk eta PPk aldarrikatzen dute zinegotzien %56 dutela, hots, 14 25etik, baina botoen %45 baino ez dute. Hortaz ez dute ordezkatzen getxoztarren gehiengoa. Udal Gobernua, bestalde, botoen %32rekin gobernatzen dabil, eta ahulezi egoera horretan Udal Gobernuak egiten duena da zenbait proiektuetan atzera jotzea. Proiektu horiek aurreko alkateak aurrera eramaten saiatu zen eta ez dugu ahaztu behar garai horretan egungo alkatea alkateordea zela: hor dago Andra Mariko proiektua, Fadurako eta polikiroldegietako igerilekuetako euroa... atzera egin behar izan dute ahulezia dela eta, eta kalean egindako lanari esker, guk sustatu eta parte hartu duguna". Azken hamabi hiletako egoera laburbilduz, "Udal Gobernua behin eta berriz PP eta PSOEren aurrean makurtzen da eta aldiz, hori orekatzeko edo, gurekin oso jarrera beligerante hartu du" kexu agertu zen Amezaga.
Datozen hiru urteotarako asmoak
Christian Reinicke EAEren hautetsi berriak, berriz, datozen hiru urteotarako asmoen berri eman du. Aurkezpen gisa, gogoratu du sei urtez izan zela ezker abertzaleko zinegotzia Getxon, "baina egoera hau niretzat berria da. Espainiako legeriak eta Udal Gobernuak ez dute onartzen bozka emaileak daudela, aukera legitimo bat hautatu dutenak eta guri konfidantza eman digutenak. Nik parte hartzen nuen eta eskubide guztiak nituen zinegotzi gisa eta bai neu eta gure kideek lan egiten genuen. Orain aukerak murriztu dizkigute lan hori egiteko". Egoera horretatik abiatuta, ilegalizatutako hautetsien eskubidea eta horiek bozkatu dutenen eskubideak aldarrikatzea izango da EAEko hautetsien hiru ardatzetariko bat. Bigarren ardatza, maila lokalari dagokion lana izango da, "orain arte Josuk eta Mari Espek egin bezala, kalean batez ere lan eginez eta herrian sortzen diren kezkak ahalik eta hoberen udaltxera eramanez alegazioak aurkeztuz, mozioak aurkeztuz, hitza hartuz eta prentsaurrekoak emanez". Azkenik, Reinickek zehaztu duenez, "ezin dugu ahaztu ere hautetsi independentistak garela eta gure ardatzetako bat da eta izango da Euskal Herriaren eskubideei dagozkien lanak. Horrekin lotuta Euskal Herriko Naziotasun Aitormena egon gara tramitatzen Getxon eta horrekin jarraituko dugu. Udalbiltza den bitartean ere bertako kideak izaten jarraituko gara eta nazio mailari dagozkion lanak hartuko ditugu".