Arturo Sandovalen erritmo latinoak nagusituko dira gaur GetxoJazzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 11a, 12:55

Erritmo latinoak ailegatuko dira iluntzean, Getxo udalerriko jazzaldira, Arturo Sandoval artista kubatar ospetsuaren eskutik, egun nazioarteko jazz eszenaren tronpeta-jole onenetariko bat, alegia. Kontzertua 22:30ean izango da Biotz Alai plazan eta, ordubete lehenago, 21:30ean, Talde Lehiaketako saioa hasiko da bertan, Flux talde danimarkarraren eskutik. Eguna borobiltzeko, publikoa dixie erritmoez gozatzeko aukera izango du Algortako Telletxe plazan, 18:00etan, Broken Brothers Brass Bandarekin eta, 19:30ean, Getxo Antzokiko plazan burutzen den Hirugarren Milurtekoa ataleko saioan, Jeronimo Matrin Trio hirukotearekin. Dena den, Algortatik kanpo jazz ibiltaria izango da goizeko 12etatik aurrera Bizkaiko Zubiaren inguruetan.

Arturo Sandovalek ospe handia lortu zuen mundu osoan Paquito D’Rivera saxofoi-jolearekin eta Chucho Valders piano-jolearekin batera, Irakere talde handian. Orkestrak arrakasta paregabea bazuen ere, Sandovalek musika-aukera berriak bilatu nahi zituen, eta, horrela, 1981ean taldea utzi eta bere banda propioa sortu zuen. Horrelaxe hasi zen mundu osotik atzera eta aurrera, musika latinoaren eta jazzaren arteko nahasketa aparta eskainiz. Musika arloko lan horrekin batera, urte luzez tronpeta-jole klasiko gisa ere aritu izan da eta gaur egun musika-irakaskuntzan ere aritzen da Miamin, Floridako Nazioarteko Unibertsitatean.

Talde Lehiaketan, Flux banda danimarkarra ariko da, bere herriko talde gazte ospetsuenetariko bat dena. Horren bost kideek elkar ezagutu zuten Kopenhageko Rythmic Music kontserbatorioan eta handik gutxira hasi zen bere jarduera eta berezko estiloa garatu dute zenbait musika-estilo oinarri hartuta.

Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, Algortako Geltokia plazan, Dixie Gunean, Broken Brothers Brass Band jardungo da. Talde nafarra erritmo klasikoak jotzen ditu eta jazzaren hasieretako bandak omentzen ditu. Bestalde, “Hirugarren Milurtekoa” atalean Jerónimo Martín Trio ariko da. Musikene zentroko hiru ikaslek osatzen dute hirukotea eta musika estilo propioa garatu dute, jazza flamenkoarekin eta musika minimalistarekin uztartuta.

Jazza Bizkaia Zubian

Aurten ere, kale-musika ez da faltako jazzaldian. New Orleanseko To Be Continued Brass Band egunero alaituko baititu kale getxoztarrak bere doinua laiekin. Jaialdiko esparruaren inguruan egunero egiten dituen desfileez gain, gaur goizean Bizkaiko Zubian eta horren inguruetan ariko da taldea, eguerdiko 12:00etatik 13:30era.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun