Arrisku kimikoaz ohartarazteko kanpaina egingo dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 11a, 14:57

Arrisku Kimikoari buruzko IV Komunikazio Plana abiatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, "enpresa kimikoen inguruetan bizi direnak hobeto babesteko" asmoz, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak jakinarazi duenez. Plangintza hori 90.000 biztanle, 23 enpresa kimiko eta 17 udalerri hartuko ditu bere gain, tartean Atotech España S.A. enpresa eta Erandioko elizatea. Kanpainaren barruan, industria kimikotik gertu bizi diren auzokideekin bilerak egiteaz gain, kartelak, eskuorriak, bideoak eta bestelako informazio gaiak banatuko zaizkie hiritarrei, inguruan dituzten enpresei buruzko argibideak emateko eta "autobabeserako kultura sendotzeko", tartean larrialdi kimikoa batean zelan jokatu aholkatuz. Erandio industria kutsaduraz eskarmentu handia duen udalerria da. Izan ere, XX. mendeko hainbat hamarkadatan kutsadurak belztuta bizi izan zen eta auzokideek 1969an egindako protestetan Josu Murueta eta Anton Fernandez erail eta beste lau pertsona zauritu zituen Espainiako Poliziak. Argazkia: Dayna Desastre.

Kanpainari abiapuntua emateko Herrizaingo Saileko, 17 udalerrietako eta 23 enpresetako ordezkariak bildu egin dira goizean Bilboko Txurdinaga auzoko Sos Deien egoitzan. Bertan, Maria del Yermo Urquijo Herrizaingo sailburuordeak azaldu du Europako Batasunean arrisku kimikoak dituzten enpresak arautzen dituen Seveso II arautegian egin diren aldaketak. Aldaketa horiek, gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresa kimikoen Kanpo Larrialdietarako Plangintza berriak sortzea eragin dute eta, azken horiekin batera komunikazio planak ere berritu behar izan dira.

Arriskuaz informatuta egoteko kanpaina

Komunikazio plan berriak hiru helburu nagusi dituzte. Auzokideek enpresa kimikoen gaineko informazioa izatea, tartean zer produktuak egiten dituzten eta zer lehengaiekin; balizko istripua gertatzekotan Administrazioak zer neurriak hartuko dituen jakitea; eta, "garrantzitsuena, auzokideek zuzenean larrialdi egoeran haiek beraiek hartu beharreko neurriak ezagutzea". Bestalde, Mari carmen Urbieta Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak azaldu ditu komunikazio planaren xehetasunak eta faseak.

Horrez gain, bilera hau egin duten bitartean, enpresa horiek hartzen dituzten herrietan liburuxkak, kartelak, bideoak eta bestelako informazio euskarriak banatzen hasi dira, bertako bizilagunei lantegiok zer industria kimiko motari dagozkion jakinarazteko eta istripua izanez gero jarraitu beharreko aholkuak helarazteko.

Euskarri horietan azaltzen dutenez, istripu kimikoa izan dela jakinarazteko alerta sirena-hotsen bidez hel liteke udalerri batzuetara, baina ez Erandiora, Herrizaingo Sailak inguru horretan mota horretako instalaziorik jarri ez duelako. Sirena-hotsak Muskiz, Lantaron, Hernani, Alonsotegi eta Gueñes udalerrietan baino ez dira entzungo. Dena den, kasu guztietan, ohartarazpena polizia patruilek megafonia bidez egindako abisuen bidez egingo da, baita agintariek irrati, telebista eta prentsa digital bidez egindako oharren bidez ere.

Horrelako istripuen aurrean jarraitu beharreko lehen aholkua leku itxi batean babestea eta hedabideen bidez informazio jasotzea da. Larrialdi kimikoen aurrean zer egin behar den azaltzen duen liburuxka, bestalde, ezberdina da toki bakoitzean, inguruan duen enpresa zer jardueratan aritzen den kontuan hartu baita idazteko.

Komunikazio Planaren bigarren urratsak zehazten duenez, hainbat hitzaldi egingo dituzte, batik bat udaletako eta ikastetxeetako langileei eta auzo elkarteetako kideei zuzenduta. Hala ere, deialdiak herritar guztientzat zabalik egongo dira. Hitzaldiotan, eduki hezigarriak biltzen dituen 6 minutuko grabazioa banatuko dute, DVD formatuan.

Larrialdi kimikoa izanez gero

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak abian jarri duen Arrisku Kimikoari buruzko Komunikazio Planak larrialdi kimikorik egotekotan beren burua babesteko zer jarraibide bete behar dituzten esaten die herritarrei. Horrela, alerta abisua entzundakoan, herritarrek nonbait itxi eta aholku hauei jarraitu behar diete.

- Ateak eta leihoak itxi (pertsianak ere jaitsi, ahal bada) eta horietatik urrundu. Beharrezkoa izanez gero, trapu hezeak jarri zirrikituak estaltzeko
- Agintarien aholku eta argibideak zabaltzen dituzten irrati-telebistetan arreta jarri
- Ez erabili aireztapen sistemarik
- Kalean egonez gero, arnasbideak estali eta toki itxi batera joan
- Ez erre eta ez piztu surik
- Ez erabili telefonoa, erabat beharrezkoa ez bada
- Ez joan eskolara umeen bila; irakasleek jarraibide zehatzak dituzte
- Ez irten kalera agintariek alerta egoera amaitu egin dela iragarri arte

Kaltetutako 17 udalerriak

- Araba: Amurrio, Iruña Oka, Lantaron, Laudio eta Legutio.
- Bizkaia: Abanto, Alonsotegi, Barakaldo, Erandio, Galdakao, Gueñes, Muskiz, Santurtzi, Zaratamo eta Zierbena.
- Gipuzkoa: Hernani eta Usurbil

23 enpresa arriskutsuak

Acideka (Lantaron), Arkema Quimica (Alonsotegi eta Gueñes), Arkema Quimica (Hernani), CLH (Santurtzi) Bahia Bizkaia Gas (Zierbena), General Química (Lantaron), Icoa (Legutio), Oxinorte (Barakaldo), Petronor (Muskiz eta Abanto), Repsol-Butano (Santurtzi), Atotech España (Erandio), Befesa (Barakaldo), Formica (Galdakao), Guardian (Laudio), Hexion Iberica S.A. (Hernani), Hexion Iberica S.A. (Lantaron), Igepak (Usurbil), Maxam Outdoors (Iruña Oka), Terminales Portuarias (Zierbena), Tubacex (Amurrio), Tubacex (Laudio) Y UEE-Zuazo (Galdakao) eta Eher (Hernani) eta Tepsa (Zierbena).

Enpresa horiek guztiek Seveso II europar araudiaren zehaztapenak betetzen dituzte, Eusko jaurlaritzaren arabera; izan ere, horrek ezartzen ditu industria jarduera horretan ari diren enpresek bete beharreko baldintzak. Eusko Jaurlaritzak Kanpoko Larrialdi Plan bat diseinatu du larrialdi-gune bakoitzean izan litezkeen istripuen aurrean nola jokatu zehazteko, eta ekintza plan horrek badaezpadako neurri gisa aurkezten duen ekimenetako bat hauxe da hain zuzen, inguruko herritarrei arrisku kimikoaren berri ematea. Herrizaingok laugarren aldiz ekin dio lan honi, 1997, 2000 eta 2006. urteetan egin eta gero. 2006ko Komunikazio Planak 11 udalerritako 10 enpresa hartzen zituen; 70.000 biztanleko eremua guztira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun