Kontseiluaren arabera, "euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 11a, 15:52

"Euskal Herrian euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina" dela azaldu dute gaur Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariek, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa (pdf) egitean. Baieztapen hori frogatzeko, datuen proiekzioa azaldu dute Xabier Mendiguren eta Kontseiluko beste kideek: "Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu eta EAEn 175 urte". Euskalgintzako elkarte gehienak batzen dituen nazio erakundearen aburuz, "urte hauetan guztietan, herri-mugimenduak egin duen lan eskerga ongi islatzen da datuotan. Ezagutzari dagokionez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemaren bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agerikoa da. Bestalde, erabilerari buruz zabaltzen ari den mezua "guztiz okerra" dela adierazten dute datuek Kontseiluaren iritziz: "aukerak dituenean euskaldunak oso kopuru altuetan erabiltzen du euskara. Aukera faltan dago arazoa eta aukera horiek ez baditugu, hizkuntza politikaren desegokitasunaren adierazlea da". Argazkian, pasa den apirilaren 24an hainbat euskaltzalek Getxoko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzea.

Datu horiei erreparatuta, euskararen normalizazioa azkartzea eskatu du Kontseiluak eta honako neurriak hartzea proposatu du, normalizazio prozesuak "dagokion erritmoa" har dezan:

- Euskararen estatusa erdarak duenarekin berdindu behar da.
- Euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu behar da.
- Hizkuntza-politika eraginkorra abiatu behar da.
- Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu. Goi mailako ikasketen eskaintza euskaldundu behar da.
- Administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira. Euskaldunak kontratatzea, euskarazko zirkuituak sortzea eta euskalduntzeko epeak zehaztea dira jorratu beharreko bideak.
- Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bide eraginkorrak jarri behar dira.
- Berdin gizarteko beste alor batzuk ere: aisia, kirola, hedabideak, kultura, oro har.
- Diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira.
- Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio.

Aipatu zeregin horretan sor litezkeen zailtasunak gainditzeko, Kontseilua elkarlanerako prest agertu da.

Metodologia aztergai

Horretaz gain, erabilitako metodoa ere aztertuko duela iragarri dute Kontseiluko ordezkariek: "Zalantzak ditugu egindako lanaren inguruan", azaldu dute. Kontseiluak izen handiko soziologoekin arituko da inkestaren metodologia aztertzeko. "Inkesta soziolinguistikoaren datuak zuzenak izatea garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioan eman behar diren pausoak definitzeko", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek.

EAEko datuen azterketa

Euskal Autonomi Erkidegoko datuen azterketa ere azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Hizkuntzaren gaitasunaren datuei erreparatuz kezkatuta agertu dira: "hamabost urteko epean lortu ahal izan den aurrerakuntzaren proiekzioa etorkizunera egiten badugu ohartuko gara erritmo onartezina dela euskararen normalizazioa nahi badugu".

Halaber, herrialdeen artean oso desoreka handiak daudela salatu dute, "beste gauza batzuen artean, toki-administrazioak oso politika desberdinak aplikatzen dituelako gertatzen dira desorekak", azaldu dute. Erritmo motelari eta desorekei aurre egiteko Kontseiluko bozeramaileek euskalduntzea lortzen duten ereduak hedatu behar direla argudiatu dute: "epe onargarri batean belaunaldi berriak osorik euskalduntzea lortuko duen Sistemarako oinarriak jarri behar dira".

Bestetik, kezka agertu dute EAEko elebidun hartzaileek ez dutelako interes berezirik euskara sustatzen, multzo bereko herritarrek Nafarroan eta Iparraldean interes handia duten bitartean: "hauen gaitasun arazoak batetik eta interes faltak bestetik erabileran eragiten dute".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun