Bide berean mintzatu ziren Sarasketa eta Terronesekin batera agertutako Askatasuneko bozeramaileak. 33/01 auziaren bitartez, "zigortu nahi dutena finean Amnistiaren Aldeko Mugimendua" dela salatu zuten errepresioaren aurkako erakundeko kideek. Hala ere, "lanean gogor eta tinko" jarraituko dutela ohartarazi zuten. "Euskal Herriak askatasuna behar du, preso eta iheslariek elkartasuna behar dute eta gure oihu, aldarri eta salaketek presente egon behar dute. Askatasunaren aldeko borrokak eta elkartasunak ekarriko du estatu zapaltzaileen ezintasuna eta errepresio tresna guztien antzutasuna", adierazi zutenez.
Larunateko agerraldian irakurritako adierazpena:
Errepresioa salatu eta AMM aldarrikatu
Eguerdion eta mila Esker guztioi etortzeagatik:
Orain dela 30 urte uko egin zitzaion gatazka politikoa konpontzeari, Konstituzioa inposatu ziguten eta urte guzti hauetan bi estatuek dituzten tresna errepresibo guztiak erabili dituzte Euskal Herriaren askatasuna eta eraikuntzaren aldeko lana anikilatzeko.
Urte guzti hauetan Euskal Herriak hainbat bortizkeri jasan behar izan ditu bai estatu espainolaren bai estatu frantsesaren eskutik: 10 erakunde politiko ilegalizatuak izan dira, 4 komunikabide itxiak, 4.000 preso politiko baino gehiago egon dira, 35.000 pertsonatik gora atxilotuak, 321 euskal herritar erailak, ehunaka eta ehunaka lagun torturatuak …
PSOEk indar polizialarekin herri honek duen askatasun egarriarekin bukatuko duela uste du eta hor kokatzen dira azken hilabeteetan jasan duguna. Aipatutako errepresio guzti horren ondorioa da Euskal Herriko bazter guztietan hedatuta dagoen milaka eta milaka pertsonak osatzen dugun errepresaliatuen kolektiboa. Hori da Amnistiaren Aldeko Mugimendua. Hori da Espainiako Audientzia Nazionaleko epaiketan isildu, zigortu eta espetxeratu nahi dutena. 27 euskaldun daude eserita Audientzia Nazionalean eta inputatuei ezarri nahi dieten eskaera fiskala 10-13 urte bitartekoa da. Inputatuen artean, Jagoba Terrones berangoztarra eta Mitxel Sarasketa algortarra aurkitzen dira. Baina argi dugu nahiz Jagoba, Mitxel eta gainontzeko 25 inputatuak zigortuko dituzten ez gaituztela isilduko, preso politiko bakar bat dagoen bitartean, AAM bertan egongo baita elkartasuna, babesa eta Euskal Herriak pairatzen duen edozein errepresio bide zein metodo oro salatzeko.
Estatu espainolaren eta frantsesaren politika zapaltzaileak atal berezia du espetxean. Estrategia errepresibo orokorraren baitan espetxean ere garatuz doa salbuespeneko neurrien aplikazioa. Sakabanaketa eta urrunketa oinarri, isolatze politiko eta sozial planifikatua aurrera daramate. Espetxealdi prebentiboa, salbuespeneko neurria izan ordez mugarik gabe darabilte, modu are eta larriagoan presoa gaixorik den kasuetan. EPPKk espetxe egoera beti ukatu du, are espetxe politikaren neurri eta klasifikazio oro, euskal preso politikoei tratamendu berezia emanez erabilpen politiko hutserako bazka diren neurrian. Egun 13 euskal preso politiko aurkitzen dira gaixotasun larri eta sendaezinekin. Egoera honetan, Mikel Ibáñez-en euskal preso politikoa aurkitzen da, osasun egoera larrian egonik. Era berean, algortako Anjel Figeroaren gaixotasunak okerrera egin du azken aldian, eta egun, gurpil zoro batean sartuta dago: espetxera eraman, baldintza okerrak izanik berriro krisialdiak izan, egun batzuetarako ospitalera atera eta berriro espetxera. Horrela darama azken urtea, etengabe.
Egun Berangok 8 euskal preso politiko ditu, Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izan direnak eta egun gugandik milaka eta milaka kilometrotara aurkitzen direnak: Patxi Markes, Irantzu Gallastegi , Lexuri Gallastegi , Orkatz Gallastegi, Martin Etxegarai , Ibai Aginaga, Borja Gutierrez eta Saioa Sanchez.
"Euskal Herriak askatasuna behar du!" lelopean eta ozenki "aski da!" esanez, uztailaren 13an 13:00etan Berangoko Gudarien Enparantzatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu eta denon kaleratzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu. Euskal Herriak askatasuna behar du, preso eta iheslariek elkartasuna behar dute eta gure oihu, aldarri eta salaketek presente egon behar dute. Askatasunaren aldeko borrokak eta elkartasunak ekarriko du estatu zapaltzaileen ezintasuna eta errepresio tresna guztien antzutasuna.
Bukatzeko guk gure partetik, ozenki esan nahi dizuegu gogor eta tinko jarraituko dugula lanean gure eskubideen zanpaketa onartzen ez dugulako eta gure ametsak egi bihurtuko direla sinesten dugulako. Euskal Herriak askatasuna behar duela aldarrikatuko dugu. Errepresioaren ondorioz sortutako mugimendu bat garen heinean, gu desagertzeko modu bakarra errepresioa desagertzea da.