Archie Sheppek emango dio amaiera GetxoJazzi iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 12a, 20:55

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren XXXII. edizioak bere azken arnasa emango du iluntzeko 22:30ean, Archie Sheppen saxo-jolearen eskutik, jazzik sortzaileeneko figura esanguratsua, hain zuzen ere. Free jazz estiloaren erakusle, eskarmentu handiko musikari horrek konpromiso handia erakutsi du afroamerikarrekiko bere jardueran zehar eta horien problematikak salatu ditu musikaz baliatuta. Kontzertua Biotz Alai plazan izango da, 22:30etik aurrera eta, ordubete lehenago, Talde Lehiaketako irabazlea jardungo da. 60eko hamarkadako musikari esanguratsuenetariko bat da Archie Shepp (1943, Fort Lauerdale, Florida) eta garai horretan protagonizatu zituen bere unerik gogoangarri eta erreferentzialenak, banda berritzaileetan parte hartuta. Horietan bide berriak ireki zituen jazzean, musika afroamerikarra erabilita. Musika mota horrek, free jazz edo avant-garde kazz izenekin ere ezagutzen denak, sistemarekin eta justizia sozialarekin pozik ez dagoen belaunaldi bat du hizpide.

70eko hamarkadaren hasieran, musika afroamerikarraren herentzia musikalaren forma desberdinekin hasi zen esperimentatzen. Konposizio originalak, espiritual tradizionalak, bluesa... hori guztia aztertu izan du, zenbait talde erabiliz: bikoteetatik hasi eta Attica Blues Big Band talderaino.

Archie Shepp jazzaren historiako musikaririk konprometitu bikainenetako gisa izango da gogoratua, herritar afroamerikarrek bizi dituzten injustiziak etengabe salatu baititu. Sheppek prestakuntza handia dauka, musika arloan zein beste diziplina batzuetan; izan ere, legeak eta arte dramatikoa ikasi zituen. Gainera, izugarri daki jazzaren historiari buruz, eta, ondorioz, Musikaren Historiako irakasle izatera heldu da Massachusettseko Unibertsitatean.

Kontzertu ibiltariak igandean ere

To Be Continued Brass Band taldeak ere agur esango dio jazzaldiari, azken aldiz jardungo baita Getxo udalerriko kaleetan. Hala ere, igandean, hilak 12, Bilbon arituko da New Orleanseko kale-banda, Guggenheim museoko inguruetan, eguerdiko 12:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun