Unai Silvanen “Cuello de botella” irudiak irabazi du Biomedikuntza arloko Mikroargazkigintzako I lehiaketa. Lehiaketa EHUren Ikerkuntzarako Zerbitzu Nagusiak (SGIker-ek) antolatu du, Biomedikuntzako Mikroskopia Analitikoa eta Bereizmen Handikoaren zerbitzuak, hain zuzen ere. Lehiaketaren helburua, Biomedikuntzan, mikroskopia optikoaren eta elektronikoaren arloan, EHUn lortutako emaitzak hedatzea da. 72 irudi aurkeztu dira lehiaketara, 14 sail eta ikerketa-zentrotatik bidaliak. Epaimahaiak irudiaren begi-inpaktua, zailtasun teknikoa eta emaitzaren garrantzia azpimarratu ditu. Ekortze-mikroskopia elektronikoz atera da irudia, eta arratoi baten barrabilaren barneko hodi bihurgunetsuak ikus daitezke. Irudia lortzeko korrosio moldeen teknika erabili da, azkar polimerizatzen den erretxina bat injektatzean datzana. Ondoren, inguruko ehuna kenduta, tubulu seminiferoen barnealdearen molde bat geratzen da. Egileak, Unai Silvanek, arestian bukatu du doktoregoa EHUko Biologia Zelular eta Histologia sailean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!