Sei pertsona zauritu ziren atzo arratsaldean Sopelan, BI-2122 errepideko 21. kilometroan, zirkulazio istripu batean. Gainera, suhiltzaileek zaurituetako bat erreskatatu behar izan zuten, autoan harrapatuta geratu ostean. Ezbeharra arratsaldeko 2:50ak aldera jazo zen, lau ibilgailu talka batean nahasi zirenean; hiru turismo (Opel Corsa, Volkswagen Golf eta Ford Fiesta bana) eta irauli zen Nissan-L35 kamioi bat. Istripuaren ondorioz, I.R.C., kamioia gidatzen zuen 34 urteko gizon getxoztarra, harrapatuta geratu zen eta eremura bertaratu ziren suhiltzaileek erreskatatu zutenean anbulantzia batek Gurutzetako Ospitalera eraman zuen. Ospitale horretara ere eraman zituzten istripuan zauritu ziren gainerako pertsonak, haietako hiruk lesio garrantzitsuekin. Hirurak getxoztarrak dira: M.G.D., 11 urteko mutikoa, sabelean eta bularrean segurtasun-uhalak eragindako mailatuak zituena; O.D.A., mutikoaren ama, traumatismo eta bizkar hezurreko minekin; eta Y.G.M., 52 urteko andra, hainbat ebakidura eta hezurren etendura zituena.