Arratsaldean abiatuko dira Areetan XIV. Itsas Joko Atlantikoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 19a, 12:00

Getxo eta Sopela udalerrietan gaur eta datorren ostiralera arte burutu diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak, gaur arratsaldean izango dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. Zehazki, 19:30ean Bizkaiko Zubian egingo da harrera, handik Xake plazaraino parte hartzen duten nazioen desfilea egiteko, Unai Basurko Portugaleteko marinela gidari izango dela. Amaiera ekitaldia, berriz, uztailaren 25ean izango da, Sopelako Udaletxeko plazan, 12:30an. Orduan sariak banatuko dira eta dantzen ikuskizuna eskainiko da. Zazpi egun hauetan, bela, arrauna, kanoa, urpekaritza, surfa eta bodyboard kiroletan lehiatuko dira Alemania, Akitania, Austria, Belgika, Kanariak uharteak, Man, Italia, Normandia, Bretainia, Suitza, Gales, Galizia, Kornualles, Eskozia, Asturias, Portugal, Irlanda, Herrialde Katalanak eta "Euskadi"ko ehunaka kirolari. Argazkian, Imanol Landa eta Imanol Garai Getxo eta Sopelako alkateak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Fernando Asenjo Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) presidentea eta Julio Ibarra Metro Bilbaoko Komunikazio zuzendariarekin batera egindako jokoen enegarren aurkezpenean.

2008ko Itsas Joko Atlantikoak


Itsas Joko Atlantikoak 1995 inguruan Bretainian eratu ziren, ospakizun berdinean Europa Atlantikoaren eskualde eta nazionalitate ezberdinetako kirol, turismo eta kulturaren sustapena elkartzeko helburuarekin. Eta horretarako modurik egokiena itsasoarekin lotura estua zuten espezialitate haietan lehiatzea izan zen: surf, bela, arrauna, piraguismoa eta urpeko jarduerak. EKFBren aburuz, "Euskadik jadanik lehiaketa honetan paper garrantzitsua betetzen du urtez urte areagotuz doan eta erabateko kalitatea duen partaidetzarekin azkeneko bi urtetan zehar Xixon, Cornwall eta Bretainian erakutsi den bezala: bertaratu ziren guztietatik euskal selekzioa zalantzarik gabe hoberena izan zen. Euskadiren garrantzia gero eta handiagoa da eta, halaber, 2008ko Jokoak Getxo eta Sopelan antolatuko ditu. Gainera, XIV. Itsas Joko Atlantikotan luxuzko aitabitxia izango du euskal selekzioak: Unai Basurko".

2007an bakarka munduari bira eman zion nabigatzaileak gaur arratsaldean Areetan egingo den inaugurazio desfilean ikurrina eraman eta euskal selekzioa gidatzeko ardura izango du. Ondoren, txapelketak izango dira uztailaren 21etik 25era, Getxoko Kirol Portuan, Abrako uretan eta Arrietara hondartzan.

Jokoen inaugurazioa

Itsas Joko Atlantikoen inaugurazio desfilea izango da gaur Areetan. Talde partehartzaileak Bizkaiko Zubitik abiatuko dira 19:30an eta Kale Nagusian barrena desfilatu egingo dute. Behin Xake plazara helduta, Getxo eta Sopelako alkateek eta Batzordeko eta Arku Atlantikoko presidenteek hitzaldia emango dute eta ikuskizunak izango dira.

Itsas Joko Atlantikoen ereserkiarekin emango zaio amaiera gaurko inaugurazio ekitaldiari. Astelehenetik aurrera, beraz, lehiaketari ekingo zaio Abra eta Arrietara hondartzako uretan.

Garraioa

Horrez gain, lehenbiziko aldiz mota honetako egitasmo batean, garraio publikoa izango da garraio ofiziala eta parte hartzaile, kirolari zein antolatzaileak eramateko konpromisoa hartu dute Metro Bilbaok eta Bizkaibusek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun