Itsas Joko Atlantiko "baztertzaileak" salatzeko elkarretaratzea deitu du Esaitek gaurko Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 19a, 12:22

Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (Esait) elkarretaratzea deitu du gaur arratsaldeko 20:00etan, Areetako Xake plazan, bertan inauguratuko diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak "baztertzaileak" direla salatzeko asmoz. Taldeak publikoki gaitzetsi duenez, Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) antolatutako jokoetan "Euskadiko selekzio batek hartuko du parte baina selekzio hau soilik EAEko kirolarik osatuko dute. Beste herrialdetako kirolariak ez direlako gonbidatuak izan euskal selekzioan parte hartzera. Eta beste batzuk Akitaniarekin arituko dira". Euskal Herriko selekzioen defendatzaileentzat EKFBk jarraitutako ildoa ezin da ulertu, eta EKFB eta Eusko Jaurlaritza bera arazoaren zatia ere badirela ohartarazi du: "Hamburgo edo Dresdeko kirolariak Alemaniako selekziotik kanporatzea ulergaitza izango litzaigukeen moduan, ezin dugu ulertu nola baztertu daitekeen euskal selekziotik kirolari lapurtar edo nafar bat. Bazterketa hau ekiditeko inoiz baino beharrezkoagoak ikusten ditugu Euskal Herriko lurralde desberdinetako kirolariak batuko dituzten kirol egiturak, Euskal Herriko Federazioak, sortzea". Argazkian, pasa den ekainaren 20an Astrabuduan ospatu zuten Euskal Selekzioen Aldeko Eguneko irudia / © Amaia Arriaga.

Esaiten prentsa oharra:

Atlantiko Joko Nautikoak antolatu ditu EKFBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin

Bertan, Euskadiko selekzio batek hartuko du parte baina selekzio hau soilik EAEko kirolarik osatuko dute. Beste herrialdetako kirolariak ez direlako gonbidatuak izan euskal selekzioan parte hartzera. Eta beste batzuk Akitaniarekin arituko dira. Horren inguruan ESAIT gogoeta bat egiteko prentsaurrekoa egin du Bilbon. Hau da hausnarketaren ardatza: pasa den abenduan, orain arte antolatu den manifestaldirik jendetsuena antolatu genuen Bilbon, "Euskal Herria, nazio bat selekzio bat" lelopean. Aipaturiko leloa, gaur egun euskal selekzioak ofizialtasunaren bidean kokatu beharreko parametroak finkatzeko asmoarekin egin genuen. Soilik Euskal Herria subjektu nazionaltzat ulertuta, uler liteke nazioartean selekzio propioz aritzeko eskubidearen aldarrikapena. Izenak dioen moduan, nazioartean, nazioen artean parte hartzeko oinarria, nazioa izatea da. ESAITek, argi eta garbi esan zuen eta esaten du: Nazioartean lehiatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu nazioa osatzen dugulako.

Aturritik Ebrora, zazpi herrialdez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Garaia eta Baxe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoaz, osaturiko nazioa gara. Nazio hura ordezkatuko lukeen selekzioak ondorioz, herrialde guztietako kirolariei ateak irekita izan beharko lituzke. Hamburgo edo Dresdeko kirolariak Alemaniako selekziotik kanporatzea ulergaitza izango litzaigukeen moduan, ezin dugu ulertu nola baztertu daitekeen euskal selekziotik kirolari lapurtar edo nafar bat.

Bazterketa hau ekiditeko inoiz baino beharrezkoagoak ikusten ditugu Euskal Herriko lurralde desberdinetako kirolariak batuko dituzten kirol egiturak, Euskal Herriko Federazioak, sortzea. Soilik Euskal Herriko Federazio nazionalek bermatuko dute euskal kirolariren bazterketarik ez egotea. Irakurketa honen aurrean, Getxon eta Sopelan izango diren ur jokoak ditugu, aipatu ditugun gabezien ispilu izango direnak.

Orain arte eginiko aurkezpen publiko guztietan ez dute argitu zertaz ari diren "Euskadi" aipatzen dutenean, ezta zein den bere konposaketa ere. ESAITek, hainbat goi mailako kirolari lapurtarrekin kontrastaturiko datuen arabera, ez da Euskadiko selekzioan EAEkoa ez den kirolaririk egongo ur jokoetan. Euskal Herria, ez da ur jokoetan izango. Are gehiago, Ipar Euskal Herriko kirolari desberdinek, Akitaniako selekzioarekin joko dute, haien nahia ikurrinaren koloreak defendatzea bazen ere, beste aukerarik izan ez dutelako. Datu hau konfirmatzekotan, egun Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen ereduaren aurrean aurkituko ginateke, zeinean hainbat euskal kirolari, EAEkoak ez izateagatik euskal selekziotatik kanporatuak ari dira izaten. Bigarren mailako kirolariak, eskubiderik gabeko euskaldunak. Erabateko eredu diskriminatzailea. Soilik Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoan oinarrituriko diskriminazio eta bazterketa. Nola esan daiteke gure herriaren kirol anputazioa, zatiketa, aurrerapausoa dela? Zein norabidetan da aurrerapausoa? Argi dago Euskal Herriak aurrerapausoak behar dituela, baturaren eta ez bazterketaren norabidean. Atxikimendu asketik abiatuz, selekzioetan parte hartu nahi izango luketen kirolariak bilduz. Eta horretarako, bazterketarik eragingo ez dute kirol egiturak, federazio nazionalak, behar ditu Euskal Herriak, Euskal Herri osoko kirolariak bere baitan bilduko dituzten kirol federazioak. Irakurketa honek ur jokoetan egon behar du. Helburu horrekin, ekimen informatibo desberdin burutuko dugu.

Norabide horretan, deitu dugun kontzentraziora joateko deia luzatzen diogu herritargoari, uztailak 19, larunbata, Areetako Xake enparantzan 20:00retan burutuko den kontzentraziora. Ez dugu nahi ekimen hau inoren aurkako ekimen bezala ulertzerik. Beharrezkoa dakusagu aipaturiko gogoeta ur jokoetan, Euskal Herria bertan egon beharko lukeela uste duten guztien partehartzea ahalbideratu ahal izatea. Parte hartu nahi duten kirolarien eskubidea delako, Euskal Herritarron eskubidea delako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun