Maritxu Teilagorri Leioako txosna batzordeak leioaztar, uribekostar eta inguruko herrietako auzokide guztiei jakinarazi nahi die Leioako jaiak finantzatzeko, sustatzeko eta hobetzeko egindako bidaia-zozketaren zenbaki irabazlea 1.356 izan dela. Izan ere, pasa den asteartean, uztailak 15, ONCE itsuen elkarteko zozketan 65.356 zenbakia saritu zen eta Maritxu Teilagorriren zozketetan agertzen den bezala, txartelako azken lau zenbakiekin bat egiten zuen, "milakoen '0' eta '1' zenbakiek ONCEko milako bikoiti eta bakoiti guztiak ordezkatzen dituzte, hurrenez hurren". Gauzak horrela, 1.356 txarteleko jabeak hilaren 25era arte dauka Maritxu Teilagorrirekin 650 089 122 telefonoren bidez harremanetan jartzeko, bi pertsonentzako Eslovenia eta Kroaziarako 15 eguneko bidaia egin nahi badu. Irteera abuztuaren 2an izango da eta busez eta kanpin dendaz izango da. Era berean, taldeak eskertu die leioaztar eta bisitari guztiei jai herrikoi, euskaldun, partehartzaile eta parekideak babestu eta sustatu izana. Argazkian, Kroaziako Primorsko-Goranska eskualdeko Matulji herriko irudia, Maritxu Teilagorrik zozketarako erabili zuena.