Athletic Futbol Taldeko ehunaka zale biltzen dituen Herri Norte Taldeak (HNT) antolatuta, errepresioaren aurkako jaialdia egingo dute larunbat honetan, uztailak 26, Itzubaltzeta gaztetxean. Bertan, 20:00etatik aurrera, Itziarren Semeak (Mungia), Puto (Bermeo), Conflict Noise (Bilbo) eta Puñalada Trapera (Itzubaltzeta eta Bilbo) musika taldeek kontzertua eskainiko dute. Sarrera lau eurotan erosi ahal izango da gaztetxearen atean bertan. Izan ere, musikaz eta lagun arteko giroaz gozatzeaz aparte, baliabide ekonomikoak lortzea da jaialdiaren helburua, "Estatu espainolaren errepresioaren ondorioz" ezartzen dizkieten isunei aurre egiteko. "Errepresioaren bidez, hegoak moztu nahi dizkigute, aldarrikatzeari utz diezaiogun, bidaiatzeari utz diezaiogun; eta Euskal Herria defendatzeari eta Athletic animatzeari utz diezaiogun. Gaur egun, euskal herritar ta ezkertiar usaina daukan edozer errepresioaren jomugan dago eta muntaia polizial-juridikoen bidez izorratu nahi gaituzte", adierazi dute HNTko kideek.