Goizaldeko bostetan eztandarazitako lehergailuak Barclays Bank bankuko kutxazain automatikoan kalte arinak sortu zituen eta banketxeko sarrera belztu zuen. Gainera, sukurtsalaren gainean den etxebizitzaren leihoetako kristal batzuk apurtu zituen. Likido sukoi batekin betetako txanbil batek eta petardo batek osatzen zuten lehergailua, Ertzaintzaren arabera. Suhiltzaileak bertaratu ziren, baina sutea txikia izan zen eta ez zituzten bizilagunak etxebizitzetatik atera behar izan. Era berean, ez zen zauriturik izan.
Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak onarturiko gaitzespena:
Neguri auzoko (Getxo) banketxe baten bulegoaren aurka atzo igandean, hilak 20, egindako eraso bortitzaren aurrean, zeinetan inguruko etxeak ere kaltetuta gertatu ziren, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako hau adostu du:
1. Basakeria eta muturreko intolerantziazko ekintza berri honen aurrean gaitzespen osoa eta erabateko arbuioa adieraztea.
2. Kaltetutako auzokideei bere alkartasuna eta hurbiltasuna helaraztea.
3. Banketxeko beharginei eta banketxeari berari bere alkartasuna eta babesa adieraztea eta baita nahia agertzea ekintza hauek ez dezaten baldintzatu ez beren lan egoera ez eta Getxon erakunde haren presentzia.
4. Ekintza faszista hauek egin dutenei eta asmatu dutenei ere ekintzook berehala eta behin betiko utz ditzaten exijitzen diegula, oro har euskal gizartearen eta, bereziki, gizarte getxotarraren bake eta bizikidetza nahien aurkakoak baitira.
5. Aipatu, azkenik, era honetako ekintzek bakarrik agerian uzten dutela, euskal gizartearen gehienen borondatea mespretxatuz soilik suntsipenaren eta larderiaren aldeko apustua, hau da, beldurra ereiteko politikaren alde egiten dutenen izena galarazten dutela.