Irlandarrek zabalduko dute gaur Getxoko Folklore Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 21a, 21:20

Gaur gauean hasiko da Getxoko Dantza eta Folklore Jaialdiaren 24. ekitaldia. Ohi bezala, saioak Biotz Alai plaza algortarran izango dira eta 22:00etan hasiko dira, sarrera doan. Aurten, Irlandako Absolutely Leglessen, Algortako Itxartu Taldearen eta Eslovakiako Maj Folklore Taldearen saioez gozatu ahal izango dute ikusleek. Esan bezala, lehenengo jardunaldian Absolutely Legless taldeko irlandarrek dantzatuko dute. Euren jarduera 1997an abiatu zuten, Edinburgon. Eskarmentu handiko musikariz eta dantzariz osatua, talde sutsu horrek nazioartean lortu du ospe handia, bere saio berritzaile eta biziez baliatuta. Bi oinketa-dantza mota interpretatzen dituzte, gogorra eta leuna, alegia. Taldekideek euren koreografia propioak egiten dituzte, betiere tradiziozko sustraiak mantenduta. Beste alde batetik, Getxo eta Sopela udalerrietan gaur ospatzen hasi diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak direla eta, asteazkenean saio berezia izango da jaialdian, Bretainiako Kevren an Avorig taldearen eskutik. Horiek kalejira egingo dute Algortako erdigunean, 20:00etatik aurrera. Argazkian, Irlandako Absolutely Leglessen taldeko dantzariak.

Biharamunean, asteartearekin, Algortako Itxartu Taldea arituko da. Sortu zutenetik, elkarte horretako dantza taldeak euskal folklore eta kulturaren mesederako lana burutzen du, dantzaren berrikuntza eta freskotasuna bermatzen duen irakaskuntza goiztiarra dela medio. Elkarteak, Iñaki Uriaren eskutik eman zituen lehenengo pausuak. Dantza taldeen egitura eta lana denborarekin garatuz joan da. Gaur egun, 40 kidek osatzen dute, heldu zein gaztetxoak kontutan hartuz.

Azkenik, Eslovakiako Maj Folklore Taldeak itxiko du jaialdia asteazkenean, hilak 23. Piestanyko Institutuaren baitan sortu zen. Taldekideak, herri-tradizioak bultzatzen dituzten amateurrak, hainbat adinetakoak dira eta talde askotan ibilitakoak. Taldea sortu zenetik, 1996ko udazkenean, Majek hainbat emanaldi eskaini ditu Eslovakian eta atzerrian. Bere errepertorioan herrialde horretako zenbait eskualdetako kantak eta dantzak bildu dituzte. Bere jarduerak herri tradizioak du ardatz nagusi eta, gaur egun, hiru taldek osatzen dute Maj: abeslariek, musika-taldeak eta dantzariek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun