Operazioa goizeko 3etan hasi da, Bilbon, Algortan eta Elorrion, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Bilbotik bertatik zuzenduta. Algortan, Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo atxilotu dituzte euren etxeetan, miaketak goizeko 4etatik 7:30era arte gutxi gorabehera luzatu dela, eta ordenagailuak eta zehaztu gabeko beste gauzak eraman dituztela bertatik; Aitor Kotano Sinde algortarra Galizian atxilotu dute, bertan oporretan zegoela; Elorrion, Gaizka Jareño Ugarriza eta Adur Aristegi Aragon atzeman dituzte; eta Fuengirolan (Malaga, Andaluzia), Liber Agirre Mazaga. Bilbon, berriz, Arkaitz Goikoetxea harrapatu dute Iturribide kaleko 68. zenbakiko etxe batean. Bera, Zuazo eta Prieto goizeko 11:50ak arte izan dituzte etxean, guardia zibilek egin duten miaketaren lekuko gisa. Beste miaketa batzuk egin dituzte Bilboko Atxuri kalean eta Elorrion.
Arkaitz Goikoetxea Azkorri auzoko getxoztar gaztea ihes eginda zegoen 2003tik. Ertzaintzak aurretik bi aldiz atxilotu zuen, kale erasoetan parte hartu izana leporatuz.
Polizia iturriek zabaldutakoaren arabera, ETAk pasa den maiatzaren 14an Legution Guardia Zibilak zuen kuartelaren aurkako atentatuan ihes egiteko erabili zuen autoa izan da operazioa egiteko pizgarria. Autoak ez zuen su hartu eta hainbat hatz-marka topatu zituztela zabaldu dute.
Besteak beste, azken hilabeteetako dozena erdi bat atentatu leporatzen diote ETAren Bizkaia komandoari: Legutiokoa bertakoa –Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zen, bonba-furgonetak eztanda eginda–, Areetako Abrako Itsas Erret Klubean jarritako bonba, "El Correo Español" egunkariko errotatibaren aurkako bonba, Calahorran (Errioxa, Espainia) eta Durangon (Bizkaia) Guardia Zibilaren egoitzen kontrako bonba-autoak eta Bizkaiko herri batzuetan PSE-EEren egoitzen aurkako lehergailuak.
Atxilotuak torturatuak izan daitezkeelako kezka
Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) atxiloketen inguruan hainbat ohar kaleratu ditu. Besteak beste, atxiloketa inkomunikatuak izan direla eman du ezagutzera, eta halako kasuetan torturak pairatzeko arriskuaz ohartarazi du: "denok dakigun bezala, inkomunikazio egoerek tortura arriskua dakarte berarekin, nazioarteko hainbat erakunde eta adituk urtero-urtero berresten duten bezala.
Hain zuzen ere, tortura arriskuen harira zuzendu zaio TAT Baltasar Garzon epaileari, honek tortura salaketen aurrean erantzukizuna duela gogorarazita: "TATek Garzon epaileari eskatzen dio 2007an, inkomunikazio egoeran atxilotuta dauden pertsonen eskubideak bermatzeko, iragarri zuen protokolo berezia atxilotu hauei ere aplikatzeko".
TATen iritziz, Guardia Zibilak "ezohiko hiru neurri bete beharko lituzke":
1. Senitartekoak informatuta eduki atxilotuaren egoeraz.
2. Konfiantzazko mediku baten bisita baimendu egunero.
3. Inkomunikazio aldi guztia bideo kameraz grabatu.
Protokolo hori lehenago ezarri izan dela gogorarazi du TATek, "eta nahiz eta tortura kasuak ez dituen errotik desagerrarazi, torturarik ez gertatzeko oztopo nabarmena" dela.
TATek Garzon epaileari eskaera zuzena egin zaiola zehaztu du, eta dagoeneko hainbat mediku prest daudela atxilotuak behatu eta artatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko oharra:
Herrizaingo Sailak zoriondu egin nahi ditu Estatuko Segurtasun Indarrak Bizkaia taldea desegiteagatik
Herrizaingo Sailak zoriondu egin nahi ditu publikoki Estatuko Segurtasun Indarrak eta Barne Ministerioa gaur Guardia Zibilak Bizkaian ETAren kontra egin duen operazioagatik. Operazio horri esker kolpe handia eman diote talde terroristari eta atentatu ugari saihestu dituzte. Halaber, Herrizaingok nabarmendu egin nahi du Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indarren arteko koordinazioa behar-beharrezko tresna dela terrorismoaren aurkako borrokan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila
Askatasunaren oharra
Atxiloketa hauekin, espainiar Gobernuak errepresio basatienaren alde egiten duen apustuaren beste adibide bat iritsi zaigu gaurkoan. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren aurrean bide polizialetan itsutua jarraitzen du PSOEren Gobernuak. Salbuespeneko edozein neurri hartzeko prest dago euskal herriaren independentzia ekiditeko bidean. Azken 30 urteetan gatazka politikoaren ondorioz 35.000tik gora pertsona atxilotu dituztela gogorarazi nahi dugu. Ez al dira konturatzen ez duela ezertarako balio izan? Gatazka gordinenaren aldeko apustua egiten dutela salatu behar dugu, herritarron eskubide demokratikoak behin eta berriro zanpatuz.
Hori ikusita gure kezka agertu nahi dugu atxilotutako pertsonak momentu hauetan Guardia Zibilaren eskutan torturatuak izateko duten arrisku larriarengatik.
Gogor salatu nahi dugu baita ere, komunikabide gehientsuenak atxiloketa hauen aurrean erakusten ari diren jarrera. Gobernuaren estrategia errepresiboarekin bat eginda ari dira, atxilotutako herritarrak medioetan zuzenean epaitu eta beraien aurkako lintxamendu larria burutuz. Komunikabideei arduraz jokatu eta informazio objetiboa eman dezaten exijitzen diegu.
Azkenik dei bat luzatzen diegu euskal herriatarrei atxiloketa hauen aurrean egingo diren mobilizazioetan parte hartu dezaten.
Atxilotuak askatu! Aski da!
Askatasuna