Aipatu erreformen artean, honako hauek dira garrantzitsuenak:
- Espainiera ez den Espainiako Estatuko beste edozein hizkuntza jakiteko obligazioa debekatzea.
- Autonomiei eskolak espainieraz ematen behartzea.
- Arlo pribatuan hizkuntz normalizazioa merkatuaren arabera uztea eta zentro ofizialetan funtzionario bakanek hizkuntz gutxituko herritarrei arreta egin ahal izatea, funtzionario elebidun gehiago sortu gabe.
- Errotulazio publikoak elebidun edo espainiera hutsean jartzea.
- Ordezkari politikoek espainiera lan hizkuntza izatea.
Marisa Arrue: "guk bai esaten diogu euskarari"
Marisa Arrue Getxoko PPren presidentea izan da mozioa prentsaurrekoan defendatzeko arduraduna. Bere ustez, "Getxon biztanleriaren %91k gaztelania ama hizkuntza duenez, Euskadiko lehenengo udalerria izan behar gara Hizkuntz Komunaren Aldeko manifestuarekin bat egiten". Arrue saiatu da aldi berean bere burua euskaltzale gisa aurkezten eta hainbat erakundek, Getxoko Udalak tartean, darabilten "euskararen inposaketaren" aurka azaltzen, espainiarren aurkakoak direla esateaz gain euskararen aurka ere badirela behin eta berriro errepikatuz: "mesede eskasa egiten diote euskarari nazionalistek. Guk bai esaten diogu euskarari, baina beste hizkuntz politiken bidez eta, jakina, bai esaten diogu gaztelaniari, frogatuta gelditu denez getxoztarren %91ren ama hizkuntza dela".
Mozioa aurrera ateratzeko PPk Getxoko PSE-EE bere aldeko botoa emateko konbentzitu beharko luke, zaila ematen duena, PSCk eskatuta Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta PSOEko idazkari nagusia manifestuaren aurka azaldu ostean.
Arruek aletu dituen gaztelaniaren aurkako balizko erasoen artean honakoak daude, bere ustez Getxoko II Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirako Udal Gobernuak onartutako neurrien adibide direla, nahiz eta batzuek udal EBPNren testuekin antza gutxi izan:
- "Dauden hamar ikastetxeetatik bitan baino ez dute gaztelaniazko hezkuntza ematen".
- "Dendariek eta enpresarioek euskaraz egiten dituzten errotulazio, kartel eta seinaleak baino ez dira diruz laguntzen".
- "Euskaldunak diren eta hizkuntz hori besterik erabiltzen ez duten begirale, zaintzaile, dendetako saltzaile, ginekologo edo pediatrak kontratatzea diruz laguntzen da".
- Udalaren lantaldeko kide izateko edo Udalak kanpoan kontratatua izateko, gehiago balio du euskara profila jakin batek aurkez dezakezun lan esperientzia osoa baino".
Hizkuntz politikek gazteen etorkizunaren aurka
Arrueren aburuz, "neurri hauekin gure mandatariek lortzen ari diren bakarra da oso prestatuta dauden gazte asko, gure etorkizuna, beste komunitate batzuetara alde egiten joan behar izatea da, bertan beren lana aske egiteko. Gure komertzioa, gure sektore ekonomikorik garrantzitsuena, kaltetua ateratzea ere lortzen ari dira, euskaraz errotulatzen ez duten dendak edo hizkuntza horretan bezeroak artatzen ez duten saltzaileak zigortuko dituen hitzarmen horren bidez".
"Neurri horiek guztioriek euskarari laguntzen ez dion inposaketa hutsa dira. Are gehiago, bere eragina kontrakoa da. Horrela, frogatzen dute Udalak egindako 'Euskera Getxon 2007. Azterketa soziolinguistikoa (pdf)' azken ikerketaren datuek", dio Marisa Arruek, zenbaki gordinak ikusita, inmigrazioaren eragina, euskaldunagoak ziren hirugarren adinekoen heriotzak eta oraingo gurasoen familia gehienetan euskararen haria Espainia frankistan apurtu zela kontuan hartu gabe: "adibidez, 1986an euskara ama hizkuntza zuen auzokideen ehunekoa oraingoa baino handiagoa zen. Orduan, biztanleriaren %12,7 zen eta egun %11,3ra jaitsi egin da. Hots, argi eta garbi dago zelan getxoztar guztion diru kopuru handia inbertitzen ari den egungo hizkuntz politikek ez dute emaitzik ematen, kontrakoa baizik. Hiritarrei zer edo zer inposatzen zaienean, beren arbuioa handiagoa izatea da lortzen den bakarra".
Espainieraren osasun ona adierazten duten bere datu propioak alboratuta, Arrue kezkatuta agertu da hizkuntza hori zokoratzen ari delakoan, baina "nazionalismoaren hainbat alderdiri" leporatu die "gaztelania desager dadin lanean aritzea". "Horregatik, gaztelaniarekiko gure babesa handiagoa izan behar da, ahal bada" amaitu du Marisa Arruek.