Bizkaia komandoko ustezko kide eta laguntzaileen aurkako
sarekadak zabalik jarraitzen du eta Guardia Zibilak izena eman ez duten hamargarren pertsona bat atxilotzeko lanean ari da. Filtrazioen arabera, getxoztarra litzateke. Horretaz gain, Arkaitz Goikoetxearekin batera komandoa zuzentzea leporatzen dioten Jurdan Martitegiren atzean ere badaude. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak horrela azaldu du gaur goizean egindako Guardia Zibilaren kuartel baten inaugurazio ekitaldi ofizialean: "Guardia Zibilak ez du atsedenik hartzen. Atxiloketa gehiago izango dira, errudunak atxilotu ditugu eta atentatu gehiago ekidin. Hurrengo egunetan izango dugu horren inguruko informazio gehiago". Bitartean, bart beste bi etxe miatu dituzte Ahumadako dukearen polizia militarrek. Algortako Iparbide kalean bata eta Errioxako Ezkarai herrian bestea. Atxilotuei dagokienez, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Mikel Saratxo, Aitor Kotano Sinde, Libe Agirre Mazaga, Maialen Zuazo Aurrekoetxea, Ana Belen Prieto Furundarena, Gaizka Jareño Ugarriza eta Adur Aristegi Aragon inkomunikazio egoera jarraitzen dute eta albiste agentzien arabera haietatik zazpi, gutxienez, Madrilen daude dagoeneko. Arratsaldeko 8etan, manifestazioa egingo du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 9 atxilotuek "torturatuak izateko duten arriskua" salatzeko eta haien askatasuna aldarrikatzeko. Argazkian, Guardia zibilak atzo, Bilbon /
Askatu.org