Egunotan hamaika ekimen egingo dira Uribe Kosta eta Erandion euskal preso politikoen eta atzoko sarekadan atxilotutakoen alde. Hasteko, gaur eta atxilotuen inkomunikazio egoera amaitu arte egunero manifestazioak deitu ditu AAMk Algortako Telletxe kaletik 20:00etan. Era berean, hilero bezala, etzidamu, uztailaren azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du
Etxerat elkarteak Euskal Herri osoan. Uribe Kostan eta Erandion zazpi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Leioan, berriz, auto karabana egingo dute 20:00etan txosnagunetik. Ostiralean, gainera, Getxoko Paella Lehiaketaren harira, AAMk "Preso gaixo larri eta sendaezinak kalera! Anjel kalera!" lelopeko elkarretaratzea antolatu du goizeko 12:30ean, Aixerrotako zelaietan. Bestalde, igandean preso gaixoen egoera salatzeko
hondartzetako mobilizazioetan parte hartzera deitu du Etxeratek (argazkian), tartean 12:00etan Ereaga hondartzako Igeretxe hotelaren ondoan, Sopelan eta Plentzian burutuko direnak. Azkenik, Berangoko AAMk 33/01 sumarioaren gaineko epaia kaleratzeari eta Jagoba Terronesen balizko atxiloketari adi egotera deitu du.