Tratu txarrak eta tortura ekiditeko protokolo berezia atzoko atxilotuei ezar diezaien agindu dio Guardia Zibilari Baltasar Garzonek, Vasco Press agentziak Torturaren Aldeko Taldearen iturriak aipatuz zabaldu duenaren arabera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukziorako 5. Aretoko epaileak berak 2006ko abenduaren 13an asmatu zuen protokoloak hainbat neurri biltzen ditu: atxilotuak uneoro bideozaintzaren pean izango direla; senideek atxilotuen egoeraren berri izango dutela; eta egunero konfiantzako medikuaren bisita jasoko dutela. Aldiz, protokoloak ez du inkomunikazio egoera altxatzen, Nazio Batuen Erakundearen, Nazioarteko Amnistiaren eta beste talde askoren arabera tortura ez dela egongo ziurta dezakeen neurri bakarra. TATen arabera, senideek izendatutako medikuak Madrilen daude eta Auzitegi Nazionalean identifikatu ondoren bisitak egiteko zain daude. Bisitak bertako forentse batekin batera egin behar izango dute.