Las Llenas, Atas, Baldarrak eta Getxo eta Algortako "beste hainbat koadrilek" Getxoko herritarrei deialdia egin diete bihar Aixerrotako landetan burutzekoa den Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketara ez joateko, parte ez hartzeko eta ez ospatzeko. Izan ere, posta elektronikoaren bidezko mezuan jasotzen dutenez, "paellak bertan behera gelditu dira" haientzat: "25ean paellak ospatzen dira baina ezin dugu ospatu jai hori gure lagunekin, atxilotuta" egoteagatik eta torturatua izateko arriskua pairatzeagatik. Era berean, koadrilak Imanol Landa Getxoko alkateari zuzendu zaizkio esateko "'soberan' bera dagoelako", atxilotuen inguruan Getxoko mandatariak egindako adierazpenei erantzuten. Ildo berean, getxoztarrak atxilotuen askatasuna eskatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte: "horregatik animatzen dugu jendea bihar 8etan denok Telletxera joatera". Era berean, aipatu deialdia berbidaltzeko eskaera egin dute. Argazkian, atzo 450 bat lagunek eskatu zuten Goikoetxea, Kotano, Saratxo, Gutierrez eta beste 5 atxilotuen askatasuna Algortan. Ertzaintza ez zen agertu eta ez zen istilurik egon.