Askatasunaren oharra:
Pertsona bat atxilotu dute gaur goizean Algortan
Inge Urrutia da atxiloturiko pertsona. Asteartean atxiloturiko 9 herritarrak Madrilen aurkitzen dira inkomunikaturik. Askatasunak torturak izateko arriskuan jarraitzen dutela salatu du. Mobilizazioak deituak daude gaur ere.
Atxiloketa bat Algortan
Gaur goizeko 12:00etan Inge Urrutia atxilotu dute Algortan. Etxetik atera denean paisanoz zihoazen gizonezko batzuk atxilotu eta kotxe batean eraman dute. Ez dakigu zein gorputz polizialek burutu duen atxiloketa hau.
Asteartean atxilotutakoen informazioa
Asteartean Guardia Zibilak atxilotu zituen 9 euskal herritarrak inkomunikazioa egoeran jarraitzen dute. Baltasar Garzon epaileak inkomunikazioa 5 egunetara arte luzatzeko erabakia hartu du.
Momentu hauetan atxilotuak Madrilen aurkitzen dira. Konfiantzako medikuek ikusi ahal izan dituztela konfirmatu ahal izan dugu, hala ere ez dakigu zein egoeratan aurkitzen diren atxilotuak.
Mobilizazioak deituak dira gaurko ere:
- Algortan, 20:00etan Telletxen.
- Elorrion, 19:30etan plazan.
- Santutxun, 20:30 Karmelo plazan.
Askatasunaren Salaketa
Ohartarazi nahi dugu asteartean Guardia Zibilak atxilotu zituen 9 herritarrak torturak jasateko arrisku larrian jarraitzen dutela. Garzon epaileak tortura zaildu dezaketen neurri batzuk hartu baditu ere, neurri horiek ez dute tortura ezinezkoa egiten. Torturarik egon ez dadin inkomunikazioa egoera altxatzea beharrezkoa da.
Zoritxarrez torturak ekiditearen alde egin beharrean, Garzon epaileak inkomunikazio epea 5 egunetara arte luzatzeko erabakia hartu du. Horrela, tratu txarrak eta torturak ahalbidetzen dituen inpunitatea espazioen aldeko apustua egiten du. Milaka herritar basatiki torturatu dituen Guardia Zibilari horretan jarraitu dezan behar duen babesa emanez. Gogor salatu nahi dugu Garzonek harturiko erabakia.
Estrategia errepresiboaren aldeko apustua egiten dutenei exijitzen diegu, bide hori alde batera utzi eta herritarren oinarrizko eskubideak errespetatu ditzatela.
Herritarrei dei bat luzatzen diegu atxiloketa hauen, zein errepresio ororen aurrean antolatu eta mobilizatzen jarraitu daitezen. Norabide horretan, antolatu diren protesta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
Errepresioa ez da bidea!
Atxilotuak askatu!
Aski da!
Askatasuna