Asteartean Garzon epaileak eta Guardia Zibilak Bizkaia komandoaren ustezko kide eta laguntzaileen aurkako sarekada abiatu zutenetik hedabideetan hainbat egitasmo leporatu dizkiete atxilotuei. Atxilotuak inkomunikazio egoeran eta guardia zibilen eskuetan eta sumarioa sekretupean egon arren, albiste agentziek ez dute oztoporik izan egunero egunero atxilotu bakoitzari buruz ustezko nondik norakoak zehazteko. "Ikerketa iturriak" behin eta berriro aipatuta, datorren ostegunean, hilak 31, Algortako patroia den San Inazio egunean, jaietan, Getxo udalerrian atentatu handia egingo zutela esan dute. Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea erail nahi zutela ere filtratu dute. Zinegotzi sozialista bat bahitu eta Miguel Angel Blanco bezala hiltzeko plana izatea ere leporatu diete, baita Barakaldoko Bilbao Exhibition Center izeneko erakustazoka desegiteko asmoa ere. Argazkian, "El Correo Español"ek argitaratutako erreportaje bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!