Garzon astearteko eta osteguneko 10 atxilotuak galdekatzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 26a, 21:01

Baltsar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak arratsaldeko 4:45ean hasi da Goikoetxearekin Bizkaia komandoko kide edo laguntzaile direlakoan asteartean eta ostegunean atxilotutako 10 lagunak galdekatzen, hauek inkomunikatuta jarraitzen dutela. Arkaitz Goikoetxea "Torrotxero", Mikel saratxo, Iñigo Gutierrez, Aitor Kotano, Inge Urrutia eta beste 5 atxilotuak eguerdiko 12:55ak aldera eraman dituzte auzitegira Guardia Zibileko garraioetan. Bertan, zain izan dituzten hainbat senide eta lagunen oihuak entzun ahal izan dituzte. Bestalde, atzo Dijon-en (Frantzia) atxilotutako Asier Ezeiza Aierra eta Olga Comesi buruzko informaziorik ez dago. Argazkian, atzo 500 bat lagun batu ziren atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko Getxoko Aixerrotako zelaietan, paelletan. Gaur, berriz, Algortako Telletxe kalean egingo dute manifestazioa 20:00etan.

Bestalde, Algortako Larrañazubi auzoan ETAren zulo bat topatu zuela zabaldu zuen atzo Guardia Zibilak. Bertan, 30 kilo lehergailu eta 5 kiloko bonba ere topatu zituztela adierazi zuten. Horren inguruan, Koska irratiko kideek baieztatu dutenez, atzo 18:30ak aldera Guardia Zibileko 5 patrol eta markarik gabeko 4 autok jaietan dagoen Berangoko Santa Ana auzoa gurutzatu zuten, pailazoen emanaldiaren erdian. Auto batean Arkaitz Goikoetxea "Torrotxero" zihoan, makurtuta eta begiak estaltzeko maskara batekin zeramatela. Autoek baselizaren atzekaldeko bidea hartu zuten. Geroago patrol eta auto batzuk atzerako bidea egin, jaigunean gelditu eta hainbat auzokide identifikatu zitzuten guardia zibilek.

Bi lagun ez ditu topatu Guardia Zibilak

Azkenik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak ostegun eta ostirala bitarteko gauean Urkiola Mendia kaleko etxearen operatiboan, miaketaz gain, gazte bat atxilotzea zeukan helburu: "Guardia Zibila Algortako beste gazte baten etxera joan zen (...) hura atxilotzeko asmoarekin, baina ez zuen etxean topatu, eta haren ordez anaia erretenitu eta galdekatu ostean etxea arakatu eta hainbat gauza eraman zuten bertatik". AAMk gaineratu duenez, gauza bera egin zuten ostegunean iheslariaren neskalaguna den Inge Urrutiarekin: "Algortako bi lagunen etxera joan da Guardia Zibila atxilotzeko asmoarekin. Asteartean baten bila joan ziren, eta hura topatu ez zutelarik, haren neskalaguna, Inge Urrutia atxilotu zuten atzo eguerdian".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun