Jose Luis Ugarte nabigatzaile areetarra hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko uzt. 28a, 00:06

Jose Luis Ugarte Hernandez Areetako marinela hil egin zen atzo arratsaldean, gaixotasun luze baten ostean, 79 urte zituela. Elizkizunak asteartean egingo dituzte. Areetako Abrako Itsas Erret Klubak jakinarazi duenez, mundu bira berak bakarrik emateagatik ezaguna zen gizonak hiru alaba eta emaztea utzi ditu atzean. Ugarte 1928ko azaroaren 6an jaio zen Areetan eta hainbat urtez Ingalaterran lanean izan ondoren, 1969an Euskal Herrira bueltatu zen. Handik gerora Sopelan bizi izan zen. 1979tik aurrera jokatu diren nabigatzaile bakarreko itsas-estropada gehienetan hartu zuen parte, nazioartean eskarmentu handienetako marinela bihurtuz. 1979an bigarren sailkatu zen Azoreetako estropadan, zortzi urte beranduago sari hori irabazteko. 1990an, BBV bankuarekin BOC Challenge munduko estropadarik garrantzitsuenean lehiatu zen, 27.000 milia egiteko ia 141 egun behar izan zituela eta 9. gelditu zela. 1993an, seigarren lotu zen Vendee Globe-n estropadarik gogorrenean. Proba horretan, 18 ekaitzi egin behar izan zizkien aurre eta estropada amaituta emazteari agindu zion berriro ez zela bakarrik lehiatuko.

1996an Espainiako erregeak meritu domina eman zion. Lehorrean ere ez zen aspertu, 1991n Areetan zabaldu baitzuen bere izena duen bela-eskola, neska-mutilen artean bela kirola sustatzeko asmoz. Urtero 1.100 bat ikasle ditu eskolak eta irailero bela-eskolaren estropada saria egiten dute Abran, Itsas Erret Klubak antolatuta. Pasa den maiatzaren 22an, Jose Luis Ugarte belaren munduan lortutakoagatik omendu zuen Getxoko Udalak. Gainera, 2009an Jose Luis Ugarte Bela Eskola Kirol Portuko pabilioi berrietara mugitzea agindu zuen Udalak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun