Mikel Saratxo Soto del Realetik atera dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 5a, 13:44

Joan den larunbatean, abuztuak 2, Mikel Saratxo gazte algortarra bisitatzera joan ziren bere etxekoak Soto del Realeko (Madril, Espainia) espetxera, aurretik horretarako hitzordua hartuta zeukatela. Bertara joan, ordea, eta bertan ez zegoela esan zieten, beste espetxe batera eraman zutela, eta “segurtasun arrazoiak” medio ezin zietela nora eraman duten esan, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Hartara, Madrilera joan eta etxera bueltatu behar izan zuten Mikel ikusi gabe eta non dagoen ere jakin gabe", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Saratxo uztailaren 22an atxilotu zuten. Egun berean, Arkaitz Goikoetxea "Torrotxero", Iñigo Gutierrez, Aitor Kotano eta beste 5 lagun atzeman zituen Guardia Zibilak Bilbon, Algortan, Elorrion, Galizian eta Malagan egindako operazioan, Bizkaia komandoko kide edo laguntzaile izatea leporatuta. Bi egun geroago Inge Urrutia algortarra harrapatu zuten eta handik hiru egunera aske utzi, Adur Aristegi eta Libe Agirre elorrioarrekin batera, 12.000 euroko fidantza ordaintzeko baldintzapean. Guztiek torturak salatu dituzte. Argazkian, uztailaren 25eko Paella egunean Getxoko Aixerrotako landetan egindako elkarretaratzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun