Astrabuduako kaleak jaietako aurreko giroan murgilduta daude jada. Eszenatokiak eta txosnak muntatu, kamioiak herriko tabernei edariak banatu, zapiak hainbat lekutan saldu, herriko kaleetan banderatxoak jarri... Gainera, aurten, San Lorentzo jaiak hasi baino lehenago, hainbat ekitaldi ere izan dira. Besteak beste, gaur, umeen eguna da asteburutik herrian diren barraketan. Ekitaldiak gora eta behera, asteazken honetan, abuztuak 6, emango diete hasiera ofiziala Astrabuduako festei. Koadrilek Axpurutik Josu Murueta plazara arteko jaitsiera egin ostean, 20:00etan, Racing Astraburuko areto futbol taldeak izango du pregoia irakurri eta txupinazoa botatzeko ardura. Jai batzordeak horrela saritu nahi izan du 15 urte betetzen dituen honetan klubak egindako lana. Hala ere, goizez, Ulpianori omenaldia egin eta txikien txupinazoa botako dute Inazio Aldekoa ikastetxean. Horrenbestez, igandera arte luzatuko dira San Lorentzoak. Argazkian, Astrabuduako jaietako maskota Ulpiano astoa.
Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.