Algorta eta Itzubaltzetako jaietan istiluek behera egin dutela dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 6a, 13:28

Algortako San Inazioak eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jaiak amaituta, aurreko urteetan baino askoz istilu gutxiago izan direla aditzera eman du Getxoko Udaltzaingoak. Tokiko iturrien arabera, biak egun beretsuetan ospatu direla eta, ondorioz, batean zein bestean jende gutxiago ibili dela omen da delitu ekintza eta liskarren kopurua behera egitearen arrazoia. Bitartean, bi jai eremuetan, "ETAren eta bere ingurukoen gaineko aipamenak zituzten kartelak jarri eta berehala kendu" dituztela nabarmendu dute polizia arduradunek. Algortako San Nikolas plazako liburutegiko balkoitik zintzilik, "Euskal preso politiko eta iheslariak etxera" irakur zitekeen pankarta erraldoia udaltzainek beraiek eraman zuten. Itzubaltzetan, baina, "Ertzaintzaren laguntza" izan zuten: ostegun gauean, Cespa garbiketa enpresa eta polizia autonomikoko kideek dozenaka kartel eta pankarta erauzi zituzten. Ostiral eguerdian, berriz, kaputxadun ertzainek txosnetako batean sartu, bertoko dekorazioa bahitu eta barruan zeuden bi lagunak identifikatu zituzten, Segiren ikurra ei zegoelakoan. Bestalde, "El Correo Español" egunkarian salatu zuen Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, Romon ETAren ikurra zintzilikatu zutela; baita hori festak "erradikalen eskuetan uzteagatik" gertatzen dela adierazi ere. Argazkian, Balza eta Landa maiatzaren 19ko Abrako Erret Itsas Klubaren aurkako atentatuaren osteko agerraldian.

"ETAren oldarraldi berriari aurre egiteko asmoz", Getxo udalerrian polizia kopurua handituko zuela jakinarazi zuen Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, jaien atarian Imanol Landa alkate getxoztarrarekin izandako bileraren ostean. Dagoeneko hedabideek hamaika eta bi atentatu plangintza leporatzen zizkieten aurreko astean atxilotutako Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Aitor Kotano, Mikel Saratxo eta Inge Urrutia –uztailaren 27an aske utzi zuen neska Baltasar Garzon epaileak, 12.000 euroko fidantza ordaintzeko baldintzapean– gazte getxoztarrei eta gainontzeko bost laguni. Tartean, uztailaren 31n Ertzaintzaren aurkako erasoa, Algortako Portu Zaharrean; hondartzara jaisteko igogailuaren alboan, "El Correo Español"-ek gaur zabaldutakoaren arabera. Argudioak batzuk zein besteak izan, aipatu egunean, San Inazio, Brigada Higikorreko bi furgoneta kokatu zituzten Telletxe kalean, txosnagunetik hurbil, txirrindularitza lasterketa ospatzen ari zela. Igande goizean ere, jaiak bukatuta, istiluen aurkako materialaz hornitutako polizia agenteak zebiltzan inguru horretan, hainbat lekukoen arabera. Itzubaltzetan, berriz, zabaltze handia egin zuen, Aurrezki Kutxa kalean, Brigada Higikorrak. Azkenik, herri bietarako sarreretan ugariak izan ziren Guardia Zibilaren kontrolak, jaiek iraun zuten egun guztietan zehar.

Iskanbilak eta liskarrak

Udaltzaingotik nabarmendu dute iskanbila eta liskarrengatik aurreko urteetan baino askoz eraso gutxiago gertatu direla. Horren harira, istilurik larriena pasa den igandekoa dela diote: hilaren 3ko goizaldean, pertsona bat labankada sartuta zauritu zuten Itzubaltzetan. Ondoren, DYAren anbulantzia batek erietxera eraman zuen. Uztailaren 31n udaltzain bat ere arin zauritu zutela aipatu dute. Tokiko poliziak zabaldutako bertsioaren arabera, Santa Eugenian kokatutako txosnetara ondoezik zegoen pertsona bat artatzera hurbildu zenean, gazte talde bat bidea galarazten ari zitzaion anbulantziari laguntza eman eta bidea zabaltzen ahalegintzen ari zenean buruan botilakada jaso zuen. "Taldeko gazte batek jaurti zion botila, baina zorionez ez zuen bete betean harrapatu, udaltzainak izkin egin ziolako neurri batean. Erasotzailea ez zuten nor izan zen jakiterik izan", gaineratu dute.

Bestalde, 2 lagun atxilotu zituzten eta beste bi inputatu lapurreta delituengatik, batez ere, sakeleko telefonoak eta diru-zorroak osteagatik. Udaltzaingoak Algorta eta Itzubaltzetako jaietan egindako gainontzeko "beharrei" dagokienez, gehienak zarratzeko ordutegia bete ez duten taberna eta txosnei jasotako aktak izan dira. Azkenik, aipatu dute herriko hornigarrietan eta ondasunen aurkako delituak ere aurreko urteetan baino gutxituago izan direla.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun