Diruz lagundutako proiektuetatik 12 herrialde txiroetan garatuko dira. Horientzako 278.262 euro emango ditu Udalak. Egitasmo horien %41,67 andrazkoen gaitasunak handitzeko bideratuko dira. Halaber, Saharan gauzatu beharreko proiektuak (guztietatik %25) areagotu egingo dituzte. Hauei gehitu behar zaizkie hezkuntza, osasuna eta giza eskubideen alorrak landuko dituztenak; Guatemalan, Nikaraguan, Filipinetan, Indian eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, besteak beste.
Sentiberatzea
“Sentiberatze eta garapenerako hezkuntza” ataleko proiektuei dagokienez, 3 izango dira diruz lagunduko dituztenak, guztira 39.588 euro emanez. Arlo honetan, udalerriko Lehen eta Bigarren Hezkuntzetako ikasleak hartzaile dituen proiektu berezi bat finantziatuko da, Giza Eskubideak jorratu eta ikasleak Hegoaldeko herrialdeetako errealitatera hurbiltzeko. Horren harira ere ospatuko da Bidezko Merkataritza Azokaren 3. edizioa, horretara 17.000 euro zuzendu direla.
Azkenik, 6 izango dira “Giza eta larrialdizko laguntzak” atalaren barruan lagunduko dituztenak 27.000 euro emanez. Konpuru horretatik, 18.000 euro pasa den urtarrilean eman zituzten Saharako IV. Euskal Karabana Solidarioa diruz laguntzeko. Gainontzeko 9.000 euroak Europa Ekialdeko 30 ume udan ekartzeko 5 proiektutara bideratuko dira.