Irailaren amaieran hasiko dira Algortako haur eskola berrirako lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 7a, 21:00

Irailaren amaieran hasiko dira Algortako San Inazio herri ikastetxeko haur eskola egiteko lanak, Getxoko Udalaren Hezkuntza Arloak aditzera eman duenez. Era horretako instalazioetan aditua den arkitektura enpresa batek prestatutako proiektuan aldaketa tekniko txiki batzuk egin eta gero, laster aginduko dira aipatu lanak, lehiaketa publikoaren bitartez. Aldaketa horiek eskolan izango diren umeen erabateko segurtasuna bermatzeko egin dira, tokiko iturrien esanetan. Lanen aurrekontua, guztira, 500.000 eurotik gorakoa da. Hezkuntza Arlotik bertatik zehaztu dutenez, lanak datorren urteko maiatza aldera amai litezke eta, hortaz, haur eskolak 2009-2010 ikasturterako zabalduko lituzke ateak.

San Inazioko haur eskolak eskolaurreko 84 ume hartuko ditu, 0 eta 2 urte artekoak. Hasiera batean, 8 gela izango ditu: horietako 4 oraindik urtea bete ez duten umeentzat izango dira (8na umetxo gelako) eta beste 4 urte batekoentzat (gelako 13 umetxo). Haur eskola kudeatzea Haurreskolak partzuergoaren ardura izango da. Getxoko Udalak orain gutxi eskatu du erakunde horretako kide izatea. Partzuergoaren kide izateak, gainera, udalerrian haur eskoletako 126 plaza sortzea ahalbidetuko luke, San Ignacio herri ikastetxean izango denarekin batera, gerora Itzubaltzeta / Romon bigarren eskola bat egingo delako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun