Ostiral honetan, abuztuak 8, zinema emanaldia egongo da Gorlizko udal pilotalekuan, dohain, 22:00etan. Euskarazko filmea izango da gaurkoan ikusgai, “Prot eta Berta” izenekoa. Etzi, berriz, kontzertua izango da elizan, 20:00etan. Vocalia izeneko abesbatza Bizkaiko Orkestra Sinfonikoarekin (BIOS) arituko da, eliz musika eskainiaz. Abesbatzak Basilio Astulezen zuzendaritzapean jardungo du eta orkestrak Ana Uriarteren gidaritzapean. Bestalde, hilaren 13ra bitartean, Elisabete Mendizabal gorliztarraren arte erakusketa egongo da ikusgai Eloisa Artaza kaleko 3. zenbakian dagoen udal erakusgelan. Hogeita hamar bat olio margok osatzen dute erakustaldia, bertan paisaiak eta bodegoiak nagusitu direlarik. Mendizabal Euskal Herriko zenbait arte erakusgelatan eta Madrilen jarri du ikusgai bere lana. 50 urte baino gehiago daramatza pintatzen. Erakusketa 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu daiteke. Argazkian, Elisabete Mendizabalen artelanetako bat.