Mexikoko Askapenaren brigada: "Lemoiztik Oaxacara odolez zikinik"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abu. 7a, 14:43

Oso litekeena da Euskal Herriko pertsona gehienen senean "zentral nuklearra" hitzak entzutean Lemoizen egin nahi izan zuten basakeriarekin erlazionatzea. Berez desagertu baino Euskal Herriaren buruaren gainean balantzaka jarraitzen duen gilotina dugu berau. Euskal Herrian izandako herri mugimendu handiek eta, zergatik ez esan, borroka armatuak, pirineotako alde banatan bizi den herri honen biztanleen beharrizanei baino aberri saltzaileen handinaiei bakarrik erantzuten zien makro proiektua geldiaraztea lortu zuten orduan. Gaur egun Iberdrolak bere energiaren ontasuna, energia eolikoen proiektu eta "Energia Garbia"-ren propagandarekin bonbardeatzen gaitu. Gogoraraztea ere komeni: normaltzat saltzen duten energia baino garestiago kobratzen digutena, hori bai, bakarrik modu "garbian" sortua helarazteko mirari teknologikoa azaldu gabe. Mitoa ala egia? Aitzitik, umeentzako ipuinek erakusten digute otsoa ez dela amona bihurtzen, Txanogorritxu jateko amonaz mozorratzen dela baizik.

Kapitalaren globalizazioaren garai honetan Iberdrolak herri askotatik ateratzen ditu etekinak, Euskal Herria, Wall Mapu eta Oaxaca ditugu 3 adibide on, beste askoren artean.

Oaxacako estatuan bada 200 km luze den Istmoa. Denbora da trasnazional handiak erreparatu ziotela, ordea, bertako biztanleen zoritxarrerako. Ameriketako natur-aniztasun aberatsenetako zonalde honetan hainbat makro proiektu aurrera eramaten ari dira: Kanal transozeaniko bat, urtegi hidroelektriko itzelak eta, azken aldian, ingurugiroan zein Istmoko jatorrizko herrietan izango duen eragin kaltegarria jaso ere egiten ez duen 5000 aerojeneradoreren proiektua.

Jatorizko herri hauetako bat, eurak beren burua izendatzen duten bezala, "Nazio Zapotekoa" da. Abya-Yala osoa zakuratu zuten Espainiar Inperioaren armarripeko "metaldun gizon bizardun"ek egindako genozidioari aurre egin eta euren hizkuntza, euren kultura, eta azken finean euren nortasuna biziraunarazi duen herria.

Beldugarria da benetan nola EH-an "Energia Garbi" hori saltzen duen entrepresak, bere kontu korrontea gizentzea beste helbururik ez duela. gehiengoan nekazariak diren pertsonak manipulatu eta engainatzeko eduki duen zinismoa.

Kitzigarria oso nekazari hauen kontakizuna, itzultzaile baten laguntzaz (gehienek zapotekoeraz baino ez dakite), azalduz nola transnazional hauek, erositako zapotekoez baliatuz, 25 urtez luza zitezkeen 30 urteko lursailen alokairu kontratuak sinatzeko engainatu zituzten. Nola transnazionalen zerbitzura, (batzuk izen-abizen euskaldunekin), dabiltzan txontxongiloak gauez heltzen ziren zin faltsu eta kontratu txuriekin ez hitzegin ez ulertzen ez duten hizkuntza batean. Eta gainera kontsultatu edota laguntza eskatu ahal izateko kontratuen kopiarik eman gabe. Kontratuen eranskinik ere ez zieten erakutsi, bertan euren lursailetan ezer lantzea debekatzen diete eta lan ezaren ondorioz asko migraziora bultzatu dituzte. Beste modu batera esanda, herri oso bat zatitu eta deuseztatzen ari dira.

Baina umeentzako ipuinak hori dira azken finean, umeentzako ipuin. Egunerokotasunean ez dago Txanogorritxu eta amonatxoa salbatuko duen ehiztaririk, eta armak otsoaren eskuetan daude. 2008ko apirilaren 7an Teresa Bautista Maurino eta Felicitas Martínez Sánchez jatorrizko herri hauek jasaten ari diren genozidioaz informatzen ari zirela, erail zituzten, balaz josiak, ez aberririk ez errukirik ez duten entrepresen interesen kontra jotzearren.

Mexikoko Gobernuak zalantzarik gabeko "Etorkizun energertikoko proiektu estrategikoa"-az informatzeagatik erail zituzten; zergatik? mexikar klase politikoaren ustelkeria salatu zutelako. Izan ere, sentimentu gabeko entrepresentzat oso merkea da Mexikoko klase politikoa erostea. Ohiko zirkulua da: makro proiektuok egiten dituzten eraikuntza entrepresen, harrobien eta porlan enpresen jabeak klase politiko berbera dira. Ezagun egiten zaigu, ezta?

Gure inuzentzian pentsa genezake maletin eta korbatadun zakuratzaile berri hauek gutxienez jendarte mailako inbertsioak egingo dituztela Istmoko jatorrizko herrien bizi baldintzak hobetzearren, izan ere, ur edangarririk eta argindarrik ez duten lurrezko etxeetatik kilometro gutxitara altxatzen da Estatuko elektrizitatearen %50 sortzen duen planta. Baina errealitate gordinak otsoaren benetako aurpegia erakusten digu berriz ere.

Aurtengo uztailaren 12an, larunbata, idatzizko komunikabide batek titularretan argitaratzen zuen: "Iberdrolak La Ventosan gizarte lanak egingo dituela adierazi du" ("enpresa berde" honen 36 aerojeneradore dauden udalerri batean). Ezinezkoa zen amorrua gordetzea inbertsio handiok 700 metro-luze den bidea atontzera mugatzen zirela jakitean. Hori bai, lanak "urtea bukatu aurretik" bukatuko dira "kazetaria"-ren esanean.

Ez, zoritxarrez ez da errata bat. 700 metro luzeko bidea: lurpeko akuiferoak suntsitu, munduko hegazti migratzaileen bide nagusietako bat eten eta herri oso baten etorkizuna ezabatzearen truke.

Zapotekoek zioskuten bezala hau da otsoaren, entrepresen, benetako aurpegia: "Ez gara energia garbiaz ari, garbitzen gaituen energiaz baizik; Abya-Yalako herri zaharrenetako bat lurrazaletik garbitzen ari den energiaz ari gara. Euren lurraldean zentral nuklear bat jartzeko arazorik ez bazuten, pentsa zertarako gai izan litezkeen milaka kilometrotara dagoen lurralde honetan."

Kapitalak ez ditu bakarrik polbora eta labana erabiltzen herriak garbitzeko edota jendarte justu bat, urtegi hidroelektriko batetik kilometro gutxitara egarriak eta goseak hilko ez duen jendarte bat, aldarrikatzen duten ahotsak ixilarazteko. Gaur egun Heriotzaren Eskuadroiek trajez jantzita dabiltza eta kreditu txartel, eraikin eta luxuzko autoen jabe dira.

Espero dezagun, berandu baino lehen, harro-harro dabilen otsoa, galtzeko arriskuan dagoen animalia barik, guztiz galduko den espeziea izatea. Baina ez dezagun besoak gurutzaturik itxaron, duintasunaren aldeko ukabil tinkoekin baizik.

Lakandona oihaneko lekuren batetik

2008ko Mexikoko Askapena Brigada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun